Zaintza, sentipenak eta sexualitateak gai hartuta, hiru ikastaro antolatu dituzte

Julene Frantzesena 2022ko api. 7a, 08:26

Emakumeen Txokoak eta Lumaltik Herriak elkarteak sustatuta, eta Feminismo anitzak: zaintzak, sentimenak eta sexualitateak izenburupean, saio bana izango da apirilaren 30ean, maiatzaren 7an eta maiatzaren 14an. Apirilaren 25a izango da horietan izena emateko azken eguna.

Emakumeen Txokoak eta Lumaltik Herriak elkarteak hiru ikastaro antolatu dituzte Feminismo anitzak: zaintzak, sentimenak eta sexualitateak izenburupean. Saioetako bakoitzean gai bana jorratuko dute, eta herritarrek dagoeneko eman dezakete horietarako izena Emakumeen Txokora joanda edo hango 688 75 10 00 telefono zenbakira deituta. Izena emateko azken eguna apirilaren 25a izango da.

Hiru saioak larunbatetan izango dira –apirilaren 30ean, maiatzaren 7an eta maiatzaren 14an–, eta gaztelaniaz eskainiko dituzte, 10:00etatik 16:00etara bitartean, Emakumeen Txokoan. Ikastaro guztiak doakoak izango dira.

Aurreneko saioa, apirilaren 30ekoa, Gorputza, natura eta komunitate feminismoa izenburupean izango da, eta Isabel Hernandez eta Jesica Marroquinek eskainiko dute. Bigarrena, Ondo bizitzeko auto-zaintza izenekoa, maiatzaren 7an izango da, eta Saioa Hernandez izango da hizlaria. Hirugarren eta azken ikastaroa, Sentipenak eta sexualitateak izenburuduna, maiatzaren 14an egingo dute, Natali Bejaranoren eskutik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide