Ohi edo behar baino urtebete beranduago dator Korrika. Gogotsu al zaudete Korrikak eskualdea zeharkatuko duen eguna iristeko?
Bai, gogotsu gaude. Hiru urte pasatu dira azkeneko Korrika eskualdetik igaro zenetik; urte asko dira. Aspalditik ari gara Korrika prestatzen, hain zuzen ere 2019. urtetik. Izan ere, Korrika egiten ez den ikasturtean hasten dira antolatzaileak Korrikarako prestatzen, beti aurreko urtean. Eskualdeko arduradunok, berriz, joan den abenduan hasi ginen Korrika antolatzen, hala nola herrietan batzordeek-eta egiten eta Gipuzkoako bileretan parte hartzen. Azken txanpara iritsi gara orain, eta prest gaude Korrika eskualdera iristen denerako.
'Hitzekin' da 22. Korrikaren leloa. Ekiteko garaia dela aldarrikatu nahi da aurten, ezta?
Hitzek osatzen dute hizkuntza, eta ekimenek komunitatea. Euskaraz hitz egin behar da, baina harago jo, eta ekintzetara bideratu behar dela aldarrikatu nahi da aurtengoan. Batik bat, erakundeei zuzendutako leloa egin du 22. Korrikarako AEK-k. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omendu ditu aurten Korrikak, eta haien Sentitu, pentsatu, ekin! esaldia era erabili dute hitz jokoa egiteko.
Zer moduz joan da antolakuntza lana?
Oro har, ondo. Azken astean murgilduta gaude, eta beste guztiak bezain garrantzitsua da hau ere. Herri bakoitzean desberdina izan da antolakuntza lana. Azkoitia eta Errezil izan dira antolatzeko herri arinenak. Azpeitian eta Zestoan Korrika Kultural aberatsa egin da, eta bi herri horietako batzordeetan asko lagundu digute. Azkoitian batzorde zehatzik ez dagoenez, arinagoa izan da antolaketa lana. Azkoitia, Azpeitia, Errezil eta Zestoa zeharkatuko ditu aurten Korrikak, Aizarnazabaldik ez baita igaroko. Halere, hurrengo Korrikarako egin dugu eskaera, handik ere Korrika pasa dadin.
Antolaketa lanetan diharduzun bigarren aldia da aurtengoa. Ordutik zer ikasi duzu?
Lasaiago hartu dut aurtengo Korrika. 21. edizioa antolatzen ere ibili nintzen, eta orduko eskarmentua banuen. Halere, urduritasuna bera izan da oraingoan ere, ardurak berdinak baitziren bai lehen eta bai orain. Aurten, gainera, Errezilgo ibilbidea ere koordinatu behar izan dugu, azkeneko Korrikan ez baitzen handik igaro. Balio izan dit jakitea barrutik nola funtzionatzen duen, besteak beste, Korrika Kulturalak, batzordeak, nola antolatu lanak, kilometro banaketa… Etxe barrura begirako aplikazioa ere badu Korrikak, eta ez da berdina han lehen aldiz aritzea edo bigarren aldian egitea. Aurreneko aldian baino errazagoa izan da bigarrena.
Korrika zure ardurapeko herrietatik igarotzean, zer sentitzen duzu antolatzaile bezala?
Korrika eskualdetik igarotzen denean, poza sentituko dut; pentsatuko dut egindako lanak merezi izan duela. Halere, urduri jartzen naiz, eta, egia esan, beldurra ere izaten dut hasieran. Lanik zailenak eginda ditugu, eta aste honetan markatzaileak-eta jarri beharko ditugu. Korrikaz gain ikasle taldeak ditugu AEKn, eta hori ere beti bezala egin behar izaten da; biak elkarrekin uztartu behar dira. Denbora ahal dugun moduan kudeatu behar izaten dugu, baina, azkenerako guztia lortzen dugu.
Zein zeregin bete behar izaten du koordinatzaile batek Korrikan?
Garrantzitsuena Korrika prestatzea da. Guztiek dakite lehenago edo beranduago iritsiko dela Korrika bere herrira, baina horretarako lan asko egin behar izaten dira aurrez: jendea Korrikan parte hartzera animatu, herri eragile guztiei abisatu, ibilbidea prestatu… Korrika nondik eta nora ibiliko den zehaztuta pasatzen digute guri, eta guk herri bakoitzeko kilometro zatiak nola kudeatu erabaki behar izaten dugu. Horrez gain, batzordeak egitea, Korrika Kulturala prestatzea, eragileekin harremana egitea, ibilbidean egon daitezken arazoak kudeatzea, arroparen zein materialaren salmenta egitea eta Korrika Txikia antolatzea dira Korrikaren bueltako gure egitekoak.
Urola Erdian hainbat taldek, eragilek zein norbanakok eman dute izena Korrikarako. Zer balorazio egiten duzue?
Aurreko Korrikan baino eragile gehiagok hartu dute kilometroa. Eragile desberdinak eta talde berriak batu dira Korrikara. Pozgarria da horrenbeste talde kontu bera babesteko elkartu izana, eta horregatik, oso balorazio ona egiten dugu.
Korrika egiten ez den urteetan AEK euskaltegietako kideek eraman ohi duzue euskararen lekukoa. Balioa eman behar zaio horri, ezta?
Korrika norbere herritik igarotzen denean, zirrara berezia sortzen da. Orain, Korrika barrutik ezagutzeko aukera dut. Euskararen alde lan egiten dugu egunero-egunero, izan bertakoekin zein etorkinekin. Atzerritik hona iritsi eta astebetera euskara ikasten hasten direnek arrastoa uzten dute nigan. Umeekin ere lan egiten dugu, eta polita da horiek egunez egun euskara nola aurreratzen duten ikustea. Horregatik, orain beste esanahi bat du Korrikak niretzat, eta beste ezerk sortzen ez dizkidan sentimenduak pizten dizkit. Pirritx, Porrotx eta Marimotosek esaten dutenez, gainera, euskararen habia gara, euskara gorde, zabaldu eta zaintzen dugulako.
Euskal jendartean Korrikak bere arrastoa uzten duela uste al duzu?
Ez dakit gure herrietan zenbateraino nabaritu dezakegun arrasto hori. Erdaldunagoak diren herrietan arrastoa uzten du Korrikak, bai, eta euskaraz aritzeko ahalegina egiten dute ekimena amaitu ondoren. Gure inguruan, berriz, euskaraz bizitzeko zortea eta aukera dugu, eta zailagoa da Korrikak arrastoa uzten duen edo ez nabaritzea.
Ekimenaren helburua da jendea euskararen alde korrikan jartzea. Zer esango zenieke bide bazterrean begira gelditzen diren horiei?
Euskarak behar dituela. Korrikaren helburua da euskarari bultzada ematea. Ez da beharrezkoa kilometro osoa egitea; besterik ez bada 100 metro egitea ere nahikoa da euskararentzat. Korrikan sartzera animatuko nituzke guztiak; ez dezatela inolako beldurrik izan.