Lurrun trena martxan izango da Aste Santuko egunetan

Ihintza Elustondo 2022ko api. 11a, 09:00

Hainbat herritar lurrun trena bisitatzen, iaz.

Ostegunetik datorren astelehenera bitartean joan-etorrian ibiliko da lurrun trena, Burdinbidearen Euskal Museoaren eta Lasao auzoaren artean. Goizez, 10:30ean egingo du trenak lehen irteera, eta arratsaldez, 16:30ean. 

Aste Santua iristearekin batera, Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoak lurrun trena martxan jarriko du, herritarren gozagarri. Hala, Aste Santuko jaiegunetan, ostegunetik –hilak 14– datorren astelehenera –hilak 18– bitartean, lurrun trena museo aurretik Lasaora joan-etorrian ibiliko da.

Egun horietan, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era zabalduko dute museoa. Goizean, 10:30ean egingo du trenak lehen irteera, eta jendea bertaratu ahala, 50 minutuko tartearekin jarriko dute martxan berriro: 11:20an, 12:10ean eta 13:00etan. Arratsaldean, 16:30ean egingo du trenak lehen irteera, eta 17:20an, 18:10ean eta 19:00etan hurrengoak, jende nahikoa bertaratzen bada.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide