Gutxieneko zerbitzuak ematen ari dira Azpeitiko osasun zentroan

Ihintza Elustondo 2022ko api. 8a, 09:21

Gutxieneko zerbitzuak ematen ari dira anbulatorioan. (Ihintza Elustondo)

Osakidetzako lehen mailako arretan lanuztea egiten ari dira gaur, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta. Lehen mailako arreta "sistematikoki gainezka" dagoela salatu dute, eta, askotan, "kolapso egoerara" heltzen dela. "Egoera larri" horri aurre egiteko, Osasun Sailak ez duela "urrats bakar bat" ere egin adierazi dute.

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, greba egiten ari dira gaur Osakidetzako hainbat zentrotan. Lehen mailako arretan ari dira lanuzteak egiten, eta Azpeitiko langile gehienek bat egin dute deialdiarekin. Hori horrela, gutxieneko zerbitzuak ematen ari dira anbulatorioan, eta beraz, kasu larriak bakarrik artatuko dituzte gaur egun osoan zehar.

Sindikatuek salatu dutenez, "Osasun Sailak ez du urrats bakar bat ere egin osasun sistema publikoak bizi duen egoera larria iraultzeko". Otsailean beste bi greba egun deitu zituzten, eta nabarmendu dute lanuzte horien erantzunak eta herritarren babesak agerian utzi zutela "sakoneko eta berehalako konponbideak" behar direla. "Lan baldintza duinik gabe, ez dago kalitatezko osasun zerbitzurik", erantsi dute. Azken asteetan, Osakidetzak egoerari aurre egiteko "gauza bakarra" egin duela adierazi dute: "Lan eskaintza publiko baten azterketa datak iragarri baino ez dute egin. 1.611 lanpostu baino ez daude deituta, behin-behineko 24.600 langile dauden arren, hamarretik ia sei".

Lehen mailako arreta "sistematikoki gainezka" dagoela salatu dute sindikatuek, eta, askotan, "kolapso egoerara" heltzen dela. "Lehen mailako arretaren etorkizuna jokoan dago, batez ere, kontuan hartzen badugu datozen urteetan, premiazko neurririk hartu ezean, egoerak okerrera egingo duela, erretiro asko izango baitira".

Maiatzaren 16an, ospitaleetan eta buru osasunean

Maiatzaren 16rako beste lanuzte egun bat deitu dute sindikatuek; kasu horretan, ospitaleetan eta buru osasunean egingo dute greba.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide