Euskararen aldarria lau haizetara zabaldu dute gaztetxoek Korrika Txikiarekin

Ihintza Elustondo 2022ko api. 8a, 12:45

Korrika iristear da Azpeitira, eta horren aurretik, Korrika Txikia egin dute herriko hiru ikastetxeetako ikasleek eta irakasleek. Igerilekuaren aurretik abiatu dira, eta plazan amaitu dute ibilbidea. Gozatu ederra hartuta, kantuan eta dantzan amaitu dute ekintza.

Euskararen aldarria lau haizetara zabaldu dute herriko haurrek eta gaztetxoek gaur goizean, Korrika Txikiaren bidez. Haur Hezkuntzako laugarren edo bosgarren mailatik Lehen Hezkuntzako seigarren mailara arteko ikasleek parte hartu dute ekintzan, eta jendez gainezka egin dute herriko kaleek. Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Iraurgi Ikastetxeko nahiz Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko ikasleak eta irakasleak aritu dira lasterka, baita zenbait guraso ere.

10:15ean igerilekuaren aurretik abiatu da Korrika Txikia, eta anbulatorio aurretik igarota, Alde Zaharreko kaleetan barrena ibili ostean, plazan amaitu du ibilbidea. Ekitaldiarekin bukatzeko, Korrikaren mezua irakurri dute zenbait ikaslek udaletxeko balkoitik, eta alkateak ere hartu du hitza. Ondoren, Juan Antxieta musika eskolakoek kioskoan kantu batzuk jo dituzte, eta haien doinuekin, kantuan eta dantzan aritu dira ikasleak. Gozatu ederra hartu dute plazan elkartu diren hainbat eta hainbat gaztetxok. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide