Oier Apezetxeak Irabazi du, Aldaberekin, erremonteko Berria Txapelketa

Mailo Oiarzabal 2022ko api. 9a, 19:54

Apezetxea eta Aldabe, txapelak soinean eta kopak altxatuta, sari banaketan. (Maialen Andres/Oriamendi)

Gaur jokatu dute finala Galarretan, eta 35 eta 29 gainditu dituzte Loitegi eta Zaldua. Txapelketa honetan egin zuen profesionaletan debuta Apezetxeak martxoan, eta hilabetea bete baino lehen jantzi du bere lehen txapela. 

"Badakit hasieran sufritzea tokatu zaidala, baina pausoz pauso joango naiz ikasten". Hori zioen Oier Apezetxeak martxo hasieran, erremontean debuta egin bezperetan. Baina sufritzea ez zaio tokatu orain arte, eta hasiera ezin gozoagoa izan du profesionaletako bere ibilbideak. Gaur, Berria Txapelketaren finala irabazi du Apezetxeak, Aldabe bikotekidearekin: 35 eta 29 gainditu dituzte Galarretan (Hernani, Gipuzkoa) Loitegi eta Zaldua I.a. Erremontean ibilbidea hasi eta hilabete osatu aurretik, lehen txapela jantzi du Apezetxeak; lau partida jokatu ditu profesionaletan, eta laurak irabazi ditu.

Gaur, partidako eta txapelketako pilotari nabarmenena izan den Aldaberi behar izan duen laguntza guztia egoki eman dio Azpeitiko bizilagunak. Finala gogorra eta parekatua izan da, baita bizia eta polita ere, eta Aldabe eta Apezetxea beti ibili dira aurretik markagailuan. Aldabek txapelketan zehar erakutsi duen nagusitasuna berretsi du finalean, eta Loitegiren tanto kopurua bikoiztu du. Apezetxeak, berriz, zazpi tanto egin ditu sakearekin, beste bi piloteoan, eta tanto bakarra huts egin du. Defentsan bikain aritu da, pilota oso zailak frontisera eramanez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide