Mailari eusteko puntu bat gehiago behar du Lagun Onakek

Mailo Oiarzabal 2022ko api. 10a, 14:35

Lagun Onaken eta Leioaren arteko partidaren irudi bat. (Ihintza Elustondo)

1 eta 0 irabazi zion atzo Espainiako Hirugarren Mailako taldeak Leioari, eta hiru jardunaldi ditu aurretik helburua lortzeko. Emakumeen Ohorezko Erregional mailan, 3 eta 2 garaitu zuen Lagun Onakek Mariño.

Lagun Onaken bi talde nagusiek etxean jokatu zuten atzo, eta jardunaldia borobila izan zen azpeitiarrentzat, jokoan zeuden sei puntuak eskuratu zituzten eta.

Espainiako Hirugarren Mailan, atzoko hirurak batuta, mailari eusteko beste puntu bat baino ez du behar dagoeneko Lagun Onakek, eta hiru jardunaldi ditu aurretik helburua erdiesteko. Partida eskasa jokatu zuten atzo Lagun Onakek eta Leioak Garmendipen, baina 1 eta 0 irabaztea lortu zuten Ander Avellanedaren gizonek. Lagun Onakek ez zuen ondo jokatu, baina bereziki txarra izan zen etxekoen hasiera. Hala ere, Xabi Geretak 19. minutuan egin zuen neurketako gol bakarra, eta horrekin aski izan zuten azpeitiarrek hiru puntu garrantzitsuak poltsikoratzeko. Hogei taldeko multzoan, sailkapeneko azken sei taldeak jaitsiko dira mailaz. 45 puntu ditu uneotan Lagun Onakek, hamabigarrena da sailkapenean, eta zortzi puntuko aldea ateratzen dio hamabosgarren tokian dagoen Ondarroako Aurrerari. Datorren asteazkenean jokatuko da Hirugarren Mailako 36. jardunaldia eta Lagun Onakek Tolosan jokatuko du, dagoeneko maila galdu duen taldeetako baten etxean.

Emakumeen Ohorezko Erregional mailan sailkapenari dagokionez ez dauka ezer jokoan Lagun Onakek, ez du estutasunik ez gora, ez behera begiratuta –hamabosteko sailkapenean zortzigarrenak da, 40 punturekin–, baina lehian eta puntuak batzen jarraitzen du. Atzo, 3 eta 2 irabazi zion Unai Urbizuren taldeak Mariñori. Azkar hartu zuen aurrea markagailuan Lagun Onakek, 6. minutuan egin baitzuen lehen gola Mariak. Mariñokoek 24. minutuan lortu zuten banakoa. Agudo berreskuratu zuten abantaila etxekoek, Jonek 27. minutuan sartutako golarekin, baina berdinketa ere laster itzuli zen markagailura, 2 eta 2koa 34.goan egin zuen-eta Mariñok. Lehen zati borrokatu eta markagailu gorabeheratsudunaren ostean, bigarren zatia lasaiagoa izan zen. Azken txanpan, ordea, itzuli zen emozioa. 88. minutuan, Mariñok izan zuen emaitza iraultzeko abagunea, baina Ane atezainak bikain gelditu zuen bisitarien ahalegina eta, jokaldia eta partida borobiltzeko, hurrengo jokaldian, kontraerasoan etxekoen hirugarren gola egin zuen Maialenek. Datorren asteburuan, Oiartzunen jokatuko du Lagun Onakek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide