'Mendi lasterketak eta emakumeak' hitzaldia emango dute Oihana Azkorbebeitiak eta Leire Baraibarrek

Ihintza Elustondo 2022ko api. 12a, 09:00

Maialen Agirre, Egoitz Arruti, Idoia Arrizabalaga, Arantxa Larrañaga eta Iñigo Orbegozo, hitzaldia aurkezten. (Azpeitiko Udala)

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren harira antolatu dute solasaldia. Apirilaren 29an izango da saioa, 19:00etatik aurrera, Basazabal jauregian.

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketa egingo dute maiatzaren 14an Azpeitian, eta proba horren harira, Mendi lasterketak eta emakumeak hitzaldia antolatu dute. Apirilaren 29an, ostirala, izango da solasaldia, eta antolatzaileek punta-puntako bi emakume korrikalari gonbidatu dituzte herrira gai hori jorratzeko: Oihana Azkorbebeitia (Abadiño, Bizkaia, 1981) eta Leire Baraibar (Areso, Nafarroa, 1979). Biak ala biak hainbat podium zapaldutakoak dira.

Antolatzaileek azaldu dutenez, jakinekoa da mendi lasterketen munduan oraindik ere emakumeen parte hartzea gizonezkoenaren "oso azpitik" dagoela, eta "are gehiago", distantzia luzeetako lasterketetan. Hori horrela, hitzaldiarekin, emakumeei ikusgarritasuna emateaz gain, korrikalari horien lorpenei aitortza egin nahi diete sustatzaileek. Hala, Azkorbebeitiak eta Baraibarrek askotariko gaien bueltan izan dituzten bizipenak eta beren ikuspuntuak azalduko dituzte apirilaren 29an, 19:00etatik aurrera, Basazabal jauregian.

Hitzaldiaren berri emateko elkartu dira Maialen Agirre Domusa Teknikeko parekidetasun batzordeko kidea, Egoitz Arruti eta Idoia Arrizabalaga Azpeitiko Udalakeko kirol eta parekidetasun zinegotziak, Arantxa Larrañaga Lagun Onak Mendi Bazkunako lehendakaria eta Iñigo Orbegozo Domusa Teknik lasterketako arduraduna.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide