Soka&Block txapelketaren boulder proba irabazi du Eneko Canterok

Ihintza Elustondo 2022ko api. 12a, 10:00

Eneko Cantero, podiumean.

Larunbatean jokatu zuten txapelketa, Iruñeko Bihatz eskalada gunean. Finalean, lau bidetatik bi osatzea lortu zuen bakarra izan zen azpeitiarra, eta beraz, harentzat izan zen txapela. Canterok azaldu duenez, "sekulakoa" izan zen finala.

Soka&Block txapelketaren boulder proba jokatu zuten larunbatean Iruñeko Bihatz eskalada gunean, eta Eneko Cantero izan zen irabazlea. Absolutuen kategorian parte hartu zuen eskalatzaile azpeitiarrak. Sei lagun sailkatzen ziren finalera, eta sailkapenean orokorrean bosgarren postua lortu zuen Canterok; hala eskuratu zuen finalerako txartela. Finalean, lau bidetatik bi osatzea lortu zuen azpeitiarrak, eta finalisten artean bi bide egin zituen bakarra izan zenez, harentzako izan zen txapela.

Nesken eta mutilen artean, guztira, 200 bat lagunek parte hartu zuten larunbateko txapelketan. Canterok azaldu duenez, "sekulakoa" izan zen finala: "Oso ondo pasatu nuen; gozatu egin nuen. Ederra izan zen. Oso ondo atera zen dena, eta gustura nago".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide