Aste Santuko egunetan zabalik izango da Basazabaleko turismo bulegoa

Ihintza Elustondo 2022ko api. 13a, 12:31

Agustin Lizarralde zinegotzia eta Ane Zendoia turismo bulegoko langilea, Basazabaleko turismo bulegoaren aurrean. (Azpeitiko Udala)

Bisitariei Azpeitia ezagutzen laguntzeko, irekita izango da Basazabal jauregiko turismo bulegoa bihartik astelehenera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Eskaintza zabala dago Azpeitian, eta autokarabanek Goenan dute aparkatzeko gunea. 

Inguruko beste hainbat herriren gisan, Azpeitia hamaika arrazoirengatik da erakargarria bisitarientzat; izan ere, arlo askori lotutako eskaintza zabala du herriak. Horren harira, bisitariei Azpeitia ezagutzen laguntzeko, zabalik egongo da Basazabal jauregiaren beheko solairuan kokatzen den turismo bulegoa Aste Santuko egunetan. Hain zuzen ere, bihartik –osteguna– astelehenera –apirilak 18– arte izango da irekita, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Azpeitia ezagutzeko hamaika moduren inguruko informazioa emango dute han. Horrez gain, parrokia, Bakardadearen kapera eta Madalenako etxea ikusteko aukera eskainiko zaie aurrez eskaera egiten dutenei.

Azpeitian hainbat naturgune eta ondare historiko daude, bisitarientzat erakargarri izan daitezkeenak: Loiola, Izarraitz, Soreasuko Sebastian Donearen Parrokia, Ekoetxea, Sanagustin kulturgunea, Azoka Plaza, Madalenako erietxea, Izarraizko Atea parkea, Xaguxatar ibilbidea, Xoxote inguruko ibilbideak, Basazabal... Udalaren arabera, "herri bizia" da Azpeitia. "Euskaraz bizi da Azpeitia. Oinezkoentzako egokitutako plazan bertan daude bisitariek ezagutu beharreko hainbat puntu: Sanagustin kulturgunea, udaletxea eta eraberritutako Azoka Plaza, besteak beste. Bada zer ikusi, zer sentitu eta zer bizi Azpeitian", adierazi du erakundeak. 

Hainbat aukera

Burdinbidearen Euskal Museoa eta Igarako errota zabalik egongo dira Aste Santuko egunetan, bisitariek gune horiek ezagutzeko aukera izan dezaten. Lotura honetan ikus daiteke Burdinbidearen Euskal Museoaren inguruko informazioa, eta beste honetan, berriz, Igarako errotan izango diren bisiten ingurukoa. Ekoetxea museoa ere zabalik izango da egunero, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 18:30era; hori bai, Igarako errotan bisitak egiten ari diren unean itxita izango da Ekoetxea. Igarako errotara nahiz Ekoetxea museorako sarrera doakoak dira. Era berean, Ekoetxeara joanez gero, handik abiatuta Xaguxatar ibilbidea egin daiteke, eta museoaren ondoko Xaguxatarren parkean jolasteko aukera ere badago.

Autokarabanentzako gunea, Goenan

Udalak gogorarazi du autokarabanan etortzen diren bisitarientzako gunea egokituta dagoela Goenako naturgunean. Zerbitzugune horrek autokarabanak aparkatzeko espazioa dauka, eta ura botatzeko nahiz hartzeko egokituta dago. Doako zerbitzua da. Hori bai, gunea erabili ondoren, egoera higieniko onean uzteko eskatu du erakundeak. Gehienez ere 72 orduz jarraian egon ahal izango dute autokarabanek han.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide