Polonian izan da Urola Ikastolako ikasle talde bat, sukaldaritza eta giza balioak lantzen

Ihintza Elustondo 2022ko api. 14a, 08:30

Urola Ikastola BHIko ikasle talde bat, Polonian. (Urola Ikastola)

Erasmus + truke programaren bidez, Polonian izan da Urola Ikastola BHIko ikasle talde bat martxoaren amaieran. Sukaldaritza aitzakiatzat hartuta, migratzaileen errealitatera hurbiltzea izan da bidaiaren helburu nagusia.

Udaberriari Polonian eman dio hasiera Urola Ikastola BHIko talde batek. Erasmus + truke programan parte hartzen ari den Batxilergoko ikasle talde bat eta bi irakasle izan dira han. Hain zuzen ere, astebete eman dute herrialde horretako Leszno hirian, Food for Thought: a European Recipe Book for Migrant Inclusion izeneko nazioarteko hezkuntza proiektuaren bidez. Siziliako, Poloniako eta Finlandiako beste hiru ikasle talderekin elkarbizitzen egon dira ikasleak, eta bazter eder asko ikusi dituzte: Wroclaw edo Poznan hiriak nahiz zenbait museo bisitatu dituzte, esaterako. 

Aurrez Sizilian egon ziren ikaskideen kasuan bezala, sukaldaritza aitzakiatzat hartuta balioak lantzea izan da bidaiaren helburu nagusia, eta bereziki, migratzaileen errealitatera hurbiltzea. Ildo horretatik, Ukrainako eta Tunisiako boluntarioekin migrazioaz, beste herrialde batean bizitzeaz, haien pentsamenduez, beldurrez, hausnarketez eta bizipenez hitz egiteko aukera izan zuten. Ikasleentzat Poloniako familien etxeetan astebetez egotea izan da aberasgarriena, baita ikaskideekin egin duten harremana ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide