Beste urte batez, Espainiako Hirugarren Mailan jarraituko du Lagun Onakek

Ihintza Elustondo 2022ko api. 14a, 12:25

Lagun Onaken gizonen taldeko zenbait jokalari, iazko udako irudi batean. (Otola)

Lagun Onakeko gizonen talde nagusiak Tolosaren aurka jokatu zuen atzo, Berazubi futbol zelaian, eta 2 eta 3 amaitu zen partida. Hiru puntu poltsikoratuta, mailari eustea lortu du Azpeitiko taldeak. Denboraldia nahiko kaskar hasi bazuten ere, gorputzaldi onarekin igaroko dute Aste Santua.

Lagun Onakek partida garrantzitsua jokatu zuen atzo, asteazkena, Tolosako Berazubi futbol zelaian. Izan ere, puntu baten falta ziren gizonak Espainiako Hirugarren Mailari eusteko, eta atzo garaipena eskuratuta, lortu dute helburua. Beraz, beste urte batez, Espainiako Hirugarren Mailan jokatuko du Lagun Onaken gizonezkoen talde nagusiak.

2 eta 3 gailendu zen Lagun Onak atzokoan. Lehen zati kaskarra jokatu zuen Azpeitiko taldeak, eta zati horren azken unean iritsi zen partidako lehen gola: Tolosak atera bidali zuen baloia. Atsedenaldira 1 eta 0 galtzen iritsi zen, beraz, Lagun Onak. Pare bat aukera izan zituen Azpeitiko taldeak, baina ez zuten golik sartu lehen 45 minutuetan.

Bigarren zatian, aldiz, oso ondo zelairatu zen Lagun Onak. Zuzen jokatu zuten, eta min handia egin zuen Jagoba Erdoziak. Bigarren zatiko seigarren minuturako irabazten ari zen taldea: 1 eta 2. Erdoziaren eta Pabloren arteko jokaldi bati esker sartu zuen Lagun Onakek lehen gola; Erdozia izan zen goleatzailea. Bigarrena, berriz, korner baten ostean etorri zen: Sergiok buruz erdiratu zuen baloia, eta Castillok ondo bukatu zuen jokaldia. Hirugarren gola ere Castillok sartu zuen. Aukera gehiago ere izan zituen Lagun Onakek, nahiz eta beste golik ez zuen egin. Gero, Tolosak sekulako gola sartu zuen.

Bolada onean da Lagun Onak, eta azken hiru puntuak poltsikoratuta, sailkapenaren 11. postuan kokatu da taldea. Une honetan, puntu batera soilik du Azkoitiko Anaitasuna. Mailari eustea lortuta, gorputzaldi onarekin igaroko du Lagun Onakek Aste Santua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide