Jendetza erakarri du Azpeitira Burdinbidearen Euskal Museoko lurrun trenak

Ihintza Elustondo 2022ko api. 15a, 11:27

Aste Santuko jaiegunetan, martxan izango da Burdinbidearen Euskal Museoko lurrun trena. Gaurkoan, ilara luzeak sortu dira museoaren kanpoaldean.

Aste Santua iristearekin batera, Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoak martxan jarri du lurrun trena. Atzo egin zituen tren horrek lehen bidaiak, eta gaur ere izan dute bisitariek hura ezagutzeko aukera. Gaurkoan, jendetza elkartu da Burdinbidearen Euskal Museoan, eta ilara luzeak sortu dira haren kanpoaldean.

Aste Santuko jaiegunetan, datorren astelehenera –hilak 18– bitartean egunero, ibiliko da lurrun trena museo aurretik Lasaora joan-etorrian. Egun horietan, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era zabalduko dute museoa. Goizean, 10:30ean egingo du trenak lehen irteera, eta jendea bertaratu ahala, 50 minutuko tartearekin jarriko dute martxan berriro. Arratsaldean, 16:30ean egingo du trenak lehen irteera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide