150 haur ari dira parte hartzen Pazko Asteko ekintzetan

Mailo Oiarzabal 2022ko api. 21a, 12:01

Donostiako Zientziaren Museoan izan ziren atzo 5 eta 7 urte artekoak, Pazko Asteko ekintzen barruan. (Gazteria Saila)

Asteartean hasi ziren 5 eta 12 urte artekoei eskainitako ekintzak, Azpeitian zein Urrestillan, eta bihar izango dute azken eguna. Atzo, egun osoko irteerak egin zituzten, txikienak Donostiako Zientziaren Museoan izan ziren, eta gaztetxoak Arrikrutzeko kobetan, Oñatin.

Joan den asteartetik, 5 eta 12 urte arteko 150 haur eta gaztetxo ari dira parte hartzen, Azpeitian zein Urrestillan, udaleko Gazteria sailak Pazko Aste honetarako antolatutako ekintzetan.

Lau egunetako egitaraua prestatu dute antolatzaileek, eta bihar izango dute azken eguna. Lau egun horietatik hirutan goizez izan eta izango dituzte ekintzak umeek, baina atzo egun osoko irteerak egin zituzten. 5 eta 7 urte artekoak Donostiako Zientziaren Museoan izan ziren, eta 8 eta 12 urte artekoak, berriz, Oñatiko (Gipuzkoa) Arrikrutzeko kobetan.

Gaztelekuak ere eskaintza berezia

Gaztelekuak ere prestatu ditu aste honetarako aparteko ekintzak. Ohiko ordutegian dago zabalik Gaztelekua egunotan, baina herenegun kickboxing tailerra izan zuten bertan, Ainara Torviscoren eskutik. Gaur, berriz, Gazteak eta musika solasaldi eta zuzeneko musika emanaldien saioa izango dute Sanagustin kulturgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide