Hiru lagun atxilotu dituzte bart Urbitarteko ile-apaindegi batean lapurreta egiteagatik

Mailo Oiarzabal 2022ko api. 21a, 13:18

Urbitarte auzoa.

19, 21 eta 22 urteko hiru gazte atxilotu dituela jakinarazi du Ertzaintzak, indarra erabiliz lapurreta egitea egotzita. Erakusleihoaren kristala apurtuta sartu dira lokalera lapurrak, eta "saltokiko kutxa erregistratzaileko txanpon eta billete ugari aurkitu" dizkiete atxilotutakoei, poliziak azaldu duenez.

19, 21 eta 22 urteko hiru gazte atxilotu ditu bart gauean Ertzaintzak Azpeitian, Urbitarteko auzoko ile-apaindegi batean lapurreta egitea egotzita. Uztarriak jakin ahal izan duenez, Gu ile-apaindegian egin dute lapurreta.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, 02:00 aldera Udaltzaingora deitu du herritar batek, "merkataritza lokal baten barruan hainbat pertsona zeudela esanez". Deitu duen herritarrak adierazitako lekura iritsi direnean, "establezimenduko erakusleihoaren kristala hautsita zegoela egiaztatu" dute ertzainek. Poliziek "handik metro gutxira" aurkitu dituzte "ustezko lapurren deskribapenarekin bat zetozen hiru gazte", eta haiek miatu ondoren, "saltokiko kutxa erregistratzaileko txanpon eta billete ugari aurkitu" dizkiete.

Indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta, poliziaren egoitzara eraman dituzte hiru atxilotuak, "dagozkion eginbideak bete" ondoren, haiek Azpeitiko Epaitegiareb esku uzteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide