Garaipena lortu du Lagun Onakek Garmendipeko azken neurketan

Mailo Oiarzabal 2022ko api. 24a, 09:57

Oinatz Elustondo atzo, San Ignacioren kontrako partidaren une batean. Garmendipen azken agerraldia egin zuen atzo kapitainak. (Eli Aizpuru)

2 eta 1 nagusitu zen Ander Avellanedaren taldea atzo San Ignacioren kontra. Oinatz Elustondo kapitainaren etxeko azken partida izan zen atzokoa, eta zaleen txaloak jaso zituen 83. minutuan aldatu zutenean.

Aurreko jardunaldian mailari eustea ziurtatuta, garaipenarekin agurtu zituen zaletuak atzo Lagun Onakek, Espainiako Hirugarren Mailako 2021-2022 denboraldiko Garmendipeko azken neurketan. Ander Avellanedaren taldeak 2 eta 1 irabazi zion San Ignaciori. Denboraldi amaieran futbola utziko duen Oinatz Elustondo kapitainak bere ibilbideko azken agerraldia egin zuen Garmendipen, eta zaletuen txaloak jasotzeko aukera izan zuen, 83. minutuan aldatu zutenean.

Del Pozoren golari esker jarri zen aurretik Lagun Onak 18. minutuan, baina atsedenaldiaren aurretik, 41.ean, banakoa egin zuen San Ignaciok. Bigarren zatiaren lehen ordu laurdenarekin iritsi zen 2 eta 1ekoa; Castillok egin zuen etxekoen bigarrena, eta abantaila horri eusteko gai izan zen Lagun Onak amaiera arte. Atzoko garaipenarekin, sailkapenaren hamargarren postura igo da Lagun Onak, 51 punturekin. Larrabetzun (Bizkaia) jokatuko du Azpeitiko taldeak ligako azken partida datorren asteburuan, maila galdu duen Uritarra taldearen zelaian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide