Iñaki Segurolaren heriotza

Aio, Xegu

Jose Manuel Goenaga Larrañaga 2022ko api. 25a, 10:19

Iñaki Segurola. (Ihintza Elustondo)

Iñaki Segurolaren heriotzaren harira, Jose Manuel Goenagak Berria egunkarirako idatzitako gutuna da honako hau.

Berez lotsatia izaki, kostatu egin zaidak, baina azkenean hiri zuzendutako agur hitz batzuk plazaratzera ausartu nauk. Txikitatik ia beti elkarren ondo samarrean ibili izan gaituk (herriko eskolan, institutuan, unibertsitatean, hainbat parranda eta bidaiatan, azkenaldiko pasiera eta mendi bueltetan...), eta urte horietan guztietan beti izan dizkiat estimu handitan hire hurbiltasuna eta zintzotasuna. Ezin kitatuzko zorra diat hirekin.

Oso buru ona huen, eta bihotza ere bai. Horregatik, seguru natxiok hire azken erabakia ere on beharrez hartutakoa izan zela. Hala beharko zian. Har ezak atseden, Ixio. Ni, eta ni bezala beste asko, porru eginda geratu gaituk puxka baterako, hire heriotzaren albistea irentsi ezinik. Estimatzen hintugunok denbora beharko diagu geure onera etortzeko, baina moldatuko gaituk eta egingo diagu aurrera. Jakin ezak hire oroitzapenak bizirik jarraituko duela nigan betiko, harik eta heriotzaz bestaldeko ezerez horretan berriro elkartzen garen arte. Aio, lagun.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide