Eneko Otaño: "Bukaerako emaitza ikusita, gustura nago"

Mailo Oiarzabal 2022ko api. 25a, 17:58

Otaño eta Arria V.a elkarrekin, atzo, apustua bukatu ondoren. (Mailo Oiarzabal)

Beizamako aizkolariak nagusitasunez irabazi zuen atzo Xabier Orbegozo Arria V.aren kontrako apustua Azpeitiko zezen plazan. Hiru hilabeteko prestaketa lanen ondoren apustua eta jokoan jarritako 5.000 euroak irabazita, "gustura" zegoen lanak bukatu berritan, baina hasieratik aurretik ibili eta aldearekin irabazi arren, une batzuetan eroso ez zela sentitu ere aitortu zuen. Arria V.a, berriz, etsita zegoen egindako lanarekin.

Apustua irabazita, pozik zegoen Eneko Otaño lanak bukatu berritan, baina demak iraun zuen bitartean sentipen onegiak ez zituela izan aitortu zuen. "Urduri hasi naiz, baina aurretik jarri naiz, eta gustura. Hala ere, aizkora batekin gorabeherak izan ditut. Ondo sartzen zitzaidan egurrean, baina katigatu egiten zitzaidan gero; uste dut kolpe mordo bat alferrik galdu ditudala aizkora horrekin aritu naizen tartean. Hala ere, aurretik jarraitzen nuen, eta bukaerako emaitza ikusita, gustura nago".

Egindako marka ere (46 minutu eta 57 segundo) balekotzat eman zuen Beizamakoak, baina denbora hobea egin zezakeela uste zuen, eta egurren nolakoak markan zerikusia izan zuela zioen: "Azkenean, egurrak ez dira hain onak irten. Uste genuen geureak nahiko politak zirela, baina adabegi batzuk irten zaizkigu, eta barruan bihotza gogor antzera ere bazuten. Azaletik onak ziren, baina barrura egin ahala exijenteak ziren. Egurraren baldintza horiekin, joan egiten da denbora. Bestetik, abantaila hartu dudala ikusita, neuk ere ez dut etxeko lanik egin, egin beharrik ez dudalako izan, agian".

Apustuaren tentsioa askatuta, 70 bat laguneko bazkariarekin ospatu zuen garaipena Beizamakoak igandean bertan.

Arria V.a, etsita

Plazak utziko zituela iragarri ondoren, Otañorekin indarrak neurtzeko ilusioak bultzatuta itzuli zen Xabier Orbegozo Arria V.a, baina espero zuena baino lan txikiagoa egin zuen atzo zezen plazan, eta burumakur eta etsita zegoen apustua bukatu ondoren.

"Nahi eta ezin batean" ibili zela aitortu zuen errezildarrak, «motel». Eta, oraingoan bai, atzokoa plazako azken agerraldia izan zuela esan zuen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide