3x3 Futbol Festaren "balorazio oso positiboa" egin du Azpeitia Cupek

Maialen Etxaniz 2022ko api. 26a, 11:52

Futbol Festaren barruan Frontoi Txikian jokatutako partida bateko irudia. (Mailo Oiarzabal)

Guztira, 500 gaztetxok baino gehiagok parte hartu dute egitasmoan, eta antolatzaileak "oso gustura" agertu dira futbol festak izandako harrerarekin. Era berean, egitasmoak Alde Zaharrean sortu duen giroa azpimarratu dute antolatzaileek. Emaitza ikusita, aurrerantzean ere horrelako ekimenak antolatzen jarraitzeko gogoz agertu dira Azpeitia Cupeko kideak. 

Joan den asteburuan izan da Azpeitia Cupek antolatuta 3x3 Futbol Festa, eta hiru eguneko ekimena igaro berritan, edizioaren balorazio oso positiboa egin dute antolatzaileek. "Oso gustura gaude, eta ekimenaren balorazio oso positiboa egiten dugu", adierazi dute. Hasierako asmoa egitasmoa plazan egitea zen arren, eguraldia tarteko, Frontoi Txikian jokatu dituzte Futbol Festaren barruko partidak. Antolatzaileen hitzetan, neurketak Frontoi Txikira lekualdetzea "idea ona izan da": "Plazan egin izan bagenuen, eta eguraldi ona egin izan balu, jantziagoa geldituko zen egitaraua. Baina neurketak Frontoi Txikian egitea zen B plana, eta ideia ona izan da, jendeak eskertu egin baitu. Gainera, futbol zelaiak ondo egon dira, eta umeek asko gozatu dute".

Neska-mutil gaztetxoek osatutako 115 taldek parte hartu dute Azpeitian jokatutako 3x3 Futbol Festan, eta hainbat txokotatik etorritako gaztetxoek parte hartu dute egitasmoan: "Guztira, hainbat txokotatik etorritako 500 haur baino gehiagok parte hartu dute egitasmoan. Besteak beste, Azkoitiko, Azpeitiko, Urretxuko, Zumarragako, Zestoako, Zumaiko eta Zarauzko gaztetxoek parte hartu dute futbol festan".

Era berean, Azpeitia Cupek sustatutako egitasmoak herriko Alde Zaharrean sortutako giroa azpimarratu dute antolatzaileek, eta "oso gustura" agertu dira. "Igandean eguraldi ederra egin zuen, eta jende ugari ibili zen herrigunean. Plaza ikusi besterik ez zegoen, jendez beteta. Tabernariak ere oso gustura daude, eta esan digute jende asko ibili dela poteoan nahiz otorduetan. Horrek asko pozten gaitu".  

Aurrerantzean Azpeitian nahiz Azkoitian

Azken urteetan Azkoitian antolatu dute 3x3 Futbol Festa, eta joan zen azaroan ere han egin zuten. Aurten, ordea, Azpeitian ere egitea erabaki dute antolatzaileek. "Ikusita aspaldi ez genuela 3x3a Azpeitian antolatzen, aurten bi herrietan egitea erabaki genuen. Hasieran zalantzak izan genituen, ez genekielako jendeak nola hartuko zuen; izan ere, duela gutxi egin dugu txapelketa Azkoitian, eta iruditu zitzaigun jendeak pentsatuko zuela egitasmoa lekuz aldatu genuela. Ez zen horrela izan, ordea. Horrenbeste gustatzen den ekimena izanik, bi herrietan egitea erabaki genuen", adierazi dute antolatzaileek. Horrenbestez, aurrerantzean urtean bitan antolatuko dute 3x3 Futbol Festa. 

Egitasmoaren arrakastaren emaitza "faktore desberdinen" ondorio dela uste dute Azpeitia Cupeko kideek: "Argi dago pila bat gustatzen den egitasmoa dela. Emaitzik gabeko festa bat da, neskek eta mutilek elkarrekin jokatzen dutena eta desberdintasunik egoten ez dena. Gure iritziz, hori da jendea horrenbeste erakartzen duena". Egitasmoak izandako harrera ikusita, aurrerantzean ere orain arteko norabide berean lanean jarraitzeko prestutasuna eta gogoa agertu dute Azpeitia Cupeko kideek. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide