Gazteak eta Musika egitasmoa, esperientzia bat "elkarrekin eta elkarlanean"

Julene Frantzesena 2022ko api. 26a, 14:18

Gazteak eta Musika egitasmoko irudi bat. (Azpeitiko Udala)

Joan zen ostegunean egitasmo berezi bat egin zuten hainbat lagunek Sanagustin kulturgunean. Hain zuzen ere, Gaztelekuak eta Kulturaz kooperatibak elkarlanean antolatuta, Ukabil, Istilu, Leherkaitz eta No Place taldeetako kideekin solasean aritzeko nahiz horien doinuez gozatzeko parada izan zuten dozenaka nerabek.

Joan zen ostegunean Gazteak eta Musika egitasmoan parte hartzeko aukera izan zuten herriko hainbat gaztek, Kulturaz kooperatibak eta musika talde hainbatek Gaztelekuarekin elkarlanean antolatutako saioari esker. Ukabil, Istilu, Leherkaitz eta No Place taldeetako kideekin solasean aritzeko nahiz horien doinuez gozatzeko parada izan zuten kulturgunera joandako lagunek.

Solasaldian, bizi izan duten errealitatea azaldu zuten taldeetako kideek, hala nola taldearen hastapenez, bidean izandako pasadizoez nahiz oztopoez, hitzekin adierazten dutenaz eta antolatzeko moduaz aritu ziren hizketan. Haiek azaldu zutenez, batzuetan gazteen "nahia eta grina" ez dira nahikoa izaten aurrera egiteko, eta entseatzeko lekua aurkitzeko izan dituzten zailtasunak ere aipatu zituzten. Dena den, mezu garbia zabaldu zuten horiek: "Eman lata, eskatu eta ez eduki lotsarik".

Gaztelekuko hezitzaileek azaldu dutenez, Gazteak eta Musika egitasmoaren ostean, "indartuta" itzuli dira eguneroko lanera. "Esperientzia bat gehiago bizitzeko aukera izan dugu elkarrekin eta elkarlanean. Horrek harremanak estutzen ditu, elkar hobeto ezagutzeko aukera ematen digu eta konfiantzaren pedagogian indartzen gaitu". Haien arabera, belaunaldi berriak "badatoz eta badoaz, indartsu eta eraikitzeko" gogoz. "Tamalez, ordea, nerabeak haurren munduaren eta helduen munduaren arteko ez-leku batean kokatzen ditugu sarri. Horrek aitortza falta dakar, eta falta horrek komunitate osasuntsu bat birpentsatzeko aukera galtzea".

Egitasmoaren balorazio positiboa egin dute haren sustatzaileek, eta parte hartu zuten gazteei nahiz nerabeei "eskerrak" eman dizkiete horiek, egun "bikaina" igaro zutelako. "Gaztelekuko nerabe talde bat ere izan dugu antolaketa lanetan bidelagun, eta esker berezia azaldu nahi diegu horiei, azaldu duten konpromisoagatik eta parte hartzeagatik". Halaber, egitasmoarekin nerabezaroari eta herrian martxan diren gazteen musika taldeei "aitortza" egin zietela ere esan dute.

Hona hemen joan zen osteguneko irudiekin Kulturaz kooperatibak egin duen bilduma:

Gazteak eta Musika

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide