Herriko trafikoan eragina izango du Azkoitiko Duatloiak larunbat arratsaldean

Maialen Etxaniz 2022ko api. 28a, 10:19

Azpeitiko sarrera-irteeretan izango du eragina Azkoitiko Duatloiak. Hain zuzen, Azpeitian 16:30etik 18:30era izango du eragina kirol probak eta urrestillan 16:45etik 17:30era. 

Larunbatean jokatuko dute Azkoitiko 29. Duatloia, eta kirol probak eragina izango du Azpeitiko trafikoan, 16:30etik 18:30era. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ordutegi horretan "partzialki itxita edo erabat moztuta" egongo dira herri sarrerako eta irteerako zenbait puntu. Bihar markatuko dute ibilbidea duatloiaren antolatzaileek, baina Nuarbe, Landeta eta Urrestilla inguruan moztuko dute trafikoa proba handik igaro bitartean. Urrestillan 16:45etik 17:30era izango du eragina kirol probak. 

15:45ean hasiko da duatloia Azkoitiko plazatik; orduan abiatuko dira emakumezkoak, eta ordu laurden geroago, gizonezkoak. Azkoitian zehar bost kilometroko bi itzuli egingo dituzte korrika, eta ondoren, Azpeitiko Nuarbe auzora abiatuko dira bizikletan; handik, Landeta auzora joango dira, eta Errezilerako bidea hartuko dute gero. Azkoitira itzulita, beste bost kilometro egin beharko dituzte korrika. Euskal Herriko duatloi zirkuituan distantzia motzeko lasterketa bakarra izango da Azkoitikoa, eta Arabako, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak ere jokatuko dituzte orduan. Drafting gabeko proba izango da.

Antolatzaileek "pazientzia" eskatu diete herritarrei, eta bidegurutzeetan egongo diren boluntarioen, udaltzainen eta ertzainen jarraibideak errespetatzeko eskatu die.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide