Baratze parkeetan ortua izan nahi dutenek maiatzaren 5era arte egin dezakete eskaera

Maialen Etxaniz 2022ko api. 28a, 15:33

Baratze ekologiko publikoa eskuratu nahi dutenek maiatzaren 5era arte dute eskaera egiteko epea. Azken urteetan Izarraizpen edo Otzakan ortua izan duten herritarrek ere eskaera egin beharko dute baratzeekin jarraitu nahi izanez gero. Taldeek nahiz norbanakoek eman dezakete izena, baina ezinbestekoa da Azpeitian erroldatuta egotea. 

Baratze ekologikoen 2018-2022 urte arteko lagapena bukatzear da, eta Azpeitiko Udalak 2022-2030 urteen arteko lagapen programa jarri du martxan. Horrenbestez, herriko baratze parkeetan ortua izan nahi duten herritarrek eskaera egin beharko dute maiatzaren 5a baino lehen. Udalak jakinarazi duenez, orain arte baratzea izan duten herritarrek ere eskaera egin beharko dute "ezinbestean", baratzarekin jarraitu nahi izanez gero.

Azpeitian bi baratze parke daude: Izarraizpekoa eta Otzakakoa. Izarraizpeko eremua Izarraizko Atea parkean dago, eta bertan 40 metro koadroko partzelak daude. Otzakako eremuan baratze handiagoak daude; partzelek 85 metro koadro inguru dituzte. 

Norbanakoek ez ezik, talde edo eragileek ere parte har dezakete baratza programan, baina horretarako ezinbestekoa da Azpeitian erroldatuta egotea gutxienez hiru urtez. 

Honako hauek dira baratzea eskuratzeko gutxieneko baldintzak:

  • Azpeitiko Udalarekiko zerga-betebeharrak eta beste edozein motatakoak ordainduta izatea.
  • Familia-unitate bereko kideren bat ez izatea beste baratze ekologiko baten erabiltzaile.
  • Ez izatea nekazaritza-jarduerarako egokiak diren beste landa-lur baten jabe, ez edukitzea beste landa-lur baten gozamen eskubiderik, ezta maizterra izatea ere, ez erabiltzailea bera, ezta familia unitateko beste edozein kide ere.
  • Programa honen barruan araudiak zehaztutako ez-betetzeren batengatik zehapenen bat jaso ez izana.

Baratze ekologikoa izan nahi duten herritarrek eskaera orria, nortasun txartela edo ordezko agiri legalaren fotokopia eta onuradun izateko ezartzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko dituzte udaletxean, maiatzaren 5a bitartean. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide