Oihana Azkorbebeitia eta Leire Baraibar mendi lasterkariek Basazabal bete dute

Andoni Elduaien 2022ko mai. 1a, 11:17

Baraibar eta Azkorbebeitia, Basazabal jauregian. (Argazkiak: utzitakoak)

Ostiralean hitzaldia eskaini zuten bi mendi lasterkariek Basazabal jauregian, eta askotariko gaien inguruan hitz egin zuten. Ihintza Elustondo kazetariak zuzendu zuen solasaldia. 

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketa egingo dute maiatzaren 14an Azpeitian, eta proba horren harira, Mendi lasterketak eta emakumeak hitzaldia eskaini zuten ostiralean, Basazabal jauregian. Mendi lasterketetan punta-puntan aritzen diren bi emakume korrikalari gonbidatu zituzten herrira gai hori jorratzeko: Oihana Azkorbebeitia (Abadiño, Bizkaia, 1981) eta Leire Baraibar (Areso, Nafarroa, 1979).

Biak ala biak hainbat podium zapaldutakoak dira, eta askotariko gaien bueltan aritu ziren. Hain zuzen, beraien ibilbidean zehar izan dituzten bizipenak eta horien inguruko ikuspuntuak azaldu zituzten jauregiko aretoa bete zuten herritarren aurrean. Era berean, amatasuna eta mendia nola uztartu izan dituzten azaldu zuten.

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketan parte hartuko dute Baraibarrek eta Azkorbebeitiak, eta "gozatzera" etorriko dira Azpeitira. Solasaldia Ihintza Elustondo kazetariak gidatu zuen, eta hark jarritako puntuen inguruan ere hitz egin zuten bi emakumeek.

Baraibar, Azkorbebeitia eta Elustondo.

Aretoa bete egin zen bi protagonistak entzuteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide