Asteburu txarra Lagun Onaken futbol taldeentzat

Ane Olaizola 2022ko mai. 1a, 16:42

Gizonezkoen talde nagusiak atzo jokatu zuen Espainiako Hirugarren Mailako azken partida, eta 2 eta 1 galdu zuen Uritarra taldearen aurka; emakumezkoek, berriz, 5 eta 0 galdu dute Oiartzunen kontra, gaur.

Lagun Onakeko gizonezkoen zein emakumezkoen talde nagusiek asteburu goibela izan dute, biek ala biek galdu egin baitituzte atzo eta gaur jokatu dituzten neurketak. Espainiako Hirugarren Mailako 2021-2022 denboraldiko azken partida jokatu zuen gizonezkoen talde nagusiak atzo arratsaldean, Larrabetzun (Bizkaia), Uritarra taldearen aurka. Ander Avellanedaren mutilek 2 eta 1 galdu zuten, eta Jagoba Erdoiztak gola sartu bazuen ere, hark lortutako tantoa ez zen nahikoa izan taldeak garaipena erdiesteko. Horrez gain, Oinatz Elustondo kapitainaren azken norgehiagoka izan zen atzokoa, eta Lagun Onakek eta zaleek txalo nahiz mezu artean agurtu zuten jokalaria.

Emakumezkoen Ohorezko Erregionalen taldeak ere ez du norgehiagoka irabazterik izan gaur, igandea, Oiartzunen aurka neurtutako saioan. Izan ere, azpeitiarrek 5-0 galdu dute partida. Dena den, sailkapenaren erdi-erdian jarraitzen du taldeak, eta hark datorren astean jokatuko du ligako azken neurketa etxean, Leintz Arizmendiren kontra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide