Oraindik eskura daitezke Urtz musika taldearen zapatuko kontzerturako sarrerak

Julene Frantzesena 2022ko mai. 2a, 12:09

Urtz taldea agertokian, asteburuan Gasteizen eskainitako kontzertuaren bukaeran. (Urtz)

11 eurotan eros daitezke sarrerak Kulturaz.eus webgunean. Baga-Biga disketxearen eskutik, Astiro lana kaleratu du taldeak, eta kanta berriak ez ezik, 90eko hamarkadan hain entzutetsu egin ziren beste hainbat ere eskainiko ditu. Igandean, berriz, Eva Guerreroren dantza garaikidea oinarri duen Gorpuztu obra ikusi ahal izango da Soresu antzokian.

Urtz taldeak kontzertua eskainiko du zapatuan Sanagustin kulturgunean (22:00), eta oraindik ere bada emanaldirako sarrerak eskuratzeko aukera; 11 eurotan eros daitezke sarrerak Kulturaz.eus webgunean. Ez da nolanahiko kontzertua izango zapatukoa; izan ere, hamar urtez agertokietatik kanpo izan da musika taldea.

90eko hamarkadan talde ospetsua izan zen Urtz, eta itzulerako emanaldietako bat izango da zapatuan Azpeitian eskainiko duena. Baga-Biga disketxearen eskutik, Astiro lana kaleratu du taldeak, eta lan berri horretako kantak ez ezik, aurretik kaleratutako lanetan bildutakoak ere eskainiko ditu larunbatean.

Dantza garaikidea, igandean

Musika larunbatean, eta dantza igandean. Hain zuzen ere, dantza garaikidea oinarri duen Gorpuztu obra berria ikusi ahal izango da Soreasu antzokian. Eva Guerreroren emanaldirako sarrerak ere Kulturaz.eus webgunean eros daitezke, hamar euroren trukean.

Oreka bilatzearen inguruko lana da Gorpuztu, eta dantzariek zuzeneko musikak lagun eskainiko dute ikuskizuna. Garazi Lopez de Armentia dantzaria eta Yolando Bustillo, Nerea Alberdi, Carla Sevilla eta Cristina Samaniego musikariak izango dira agertokian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide