Igandean egingo dute Kale Pintura Lehiaketaren I. edizioa

Julene Frantzesena 2022ko mai. 3a, 09:00

Margotzea atsegin duen edonork parte har dezake lehiaketan. Pintura lanerako euskarriak 09:00etatik 11:00etara bitartean Betharrameko erakusketa aretoan zigilatzen dituztenek soilik izango dute lanak aurkezteko aukera. Saritutako lanen egileen izenak igandean bertan jakinaraziko ditu epaimahaiak, eta egun horretan bertan egingo dute sari banaketa ekitaldia.

Kale Pintura Lehiaketaren I. edizioa izango da igandean herrian, udalak, Arte eta Diseinu Ikastegiak eta Kulturaz kooperatibak antolatuta. Margotzea atsegin duen edonork parte har dezake lehiaketan, hala nola helduek, gaztetxoek nahiz haurrek.

Azpeitiaren mugen barruan eta aire zabalean egin beharko dituzte lanak parte hartzaileek, nahi dituzten materialak eta teknikak erabilita –norberak eraman beharko du materiala–, eta nahi beste lan aurkeztu ahal izango ditu margolari bakoitzak, denak igandean bertan eginak.

Lehiaketarako izena igandean bertan eman beharko da. Hain zuzen ere, pintura lanerako euskarriak 09:00etatik 11:00etara bitartean Betharrameko erakusketa aretoan zigilatzen dituztenek soilik izango dute lanak lehiaketara aurkezteko aukera. Bukatutako lanak ere hantxe aurkeztu beharko dituzte, 13:00etatik 14:00etara bitartean.

Egitasmoaren antolatzaileek izendatutako epaimahaiak erabakiko du zein diren lan irabazleak, eta beraz saridunak. Guztira bost sari banatuko dituzte lehen edizioan: helduen mailako lehen hirurak, herritarren saria eta 16 urtez azpikoen bi sari –12 eta 16 urte bitartekoen artean bat, eta 12 urtez azpikoen artean, bestea–.

Epaimahaiak igandean bertan, 14:30ean, jakinaraziko ditu sarituen izenak, eta sari banaketaren ostean, lehiaketara aurkeztutako lan guztiekin osatutako erakusketa zabalduko dute Betharramen. Maiatzaren 15era arte izango da zabalik erakusketa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide