Martxan dira gizarte, kirol eta kultur arloko elkarteentzako dirulaguntza deialdiak

Julene Frantzesena 2022ko mai. 2a, 15:33

Loiolako aurtengo festetako irudia.

Azpeitiko Udalak 268.922 euro bideratuko ditu herriko taldeetara nahiz haien jardunera. Dirulaguntzen bost lerro gizarte arloko eragileei zuzendutakoak dira, eta kirol nahiz kultur arlokoak, beste bina. Hiru eremu horietan aritzen diren herriko taldeek dagoeneko egin ditzakete dirulaguntza eskaerak. 

Martxan dira herriko elkarteei eta eragileei zuzendutako gizarte, kirol nahiz kultur arloko dirulaguntza deialdiak. Azpeitiko Udalak 268.922 euro bideratuko ditu herriko taldeetara nahiz haien jardunera: 135.000 euro gizarte arloko eragileetara, 42.395 euro kirol arlokoetara eta 91.527 euro kultur eta festa taldeetara. Gizarte arloan bost dirulaguntza lerro kaleratu erakundeak, eta kirol eta kultur arloan, berriz, bina.

Hiru eremu horietan aritzen diren herriko taldeek, beraz, dagoeneko egin ditzakete dirulaguntza eskaerak. Udalak azaldu duenez, urteko jardueretarako, dinamizaziorako, mantenu gastuetarako nahiz proiektuak garatzeko jasotzen dituzte dirulaguntzak elkarteek.

Honako hauek dira dirulaguntza arloak eta lerroak:

Gizarte arloa:

135.000 euro bideratuko ditu Azpeitiko Udalak gizarte arloan lan egiten duten elkarteetara nahiz haien proiektuetara. Gizarte arloko dirulaguntza eskaera ia denak –bat ez beste guztiak– egiteko epea maiatzaren 17an bukatuko da. Aldiz, larrialdi egoeretan ekintza humanitarioak egiteko proiektuen eskaerak abenduaren 1a bitartean eskatu ahal izango dira.

  • Gizarte zerbitzuen eta osasunaren arloan jarduerak egiteko elkarteentzako dirulaguntzak: 36.000 euro bideratuko dira laguntza horietara. Elkarteek antolatzen dituzten hitzaldiak, kanpainak edo azterketak, prestakuntza ikastaroak nahiz kolektibo ezberdinei arreta ematea lagunduko dira diruz, besteak beste.
  • Gizarte zerbitzuen eta osasunaren arloko elkarteak mantentzeko dirulaguntzak: 9.000 euro bideratuko dira taldeek ohiko gastuei aurre egiteko ezarritako lerrora. Mantenu gastuak, gastu informatikoak, bulego gastuak, hornidura gastuak... lagunduko dira diruz.
  • Herrialde pobretuetan garapenerako lankidetza proiektuak egiteko elkarteentzako dirulaguntzak: gobernuz kanpoko erakundeek garapen bidean diren herrialdeetan gauzatzen dituzten proiektuak bultzatzeko eta diruz laguntzeko 60.000 euro bideratuko ditu udalak.
  • Nazioarteko lankidetzan borondatez parte hartzen duten pertsonentzat laguntzak: garapen bidean dagoen herrialderen batera boluntario lanetara joan nahi duten herritarrei bideratutako dirulaguntza da, eta 5.000 euro bideratuko ditu udalak horretara.
  • Larrialdi egoeretan ekintza humanitarioak eta puntualak gauzatzeko proiektuentzako dirulaguntzak: hondamendi naturalen, gerren edo lehen mailako bestelako premietara laguntza humanitarioa bideratzeko diru poltsa 25.000 eurokoa izango da. Abenduaren 1a bitartean egin ahal izango dira eskaerak.
Kirol arloa:

Herriko kirol klub eta elkarteak diruz laguntzera 42.395 euro bideratuko ditu udalak. Kluben jarduna garatzeko, osasun azterketak egiteko nahiz kualifikazio teknikoa garatzeko dirulaguntzak izango dira, eta horiek urriaren 28rako eskatu beharko dira.

  • Kirol kluben jarduera arrunta eta egitura garatzeko dirulaguntzak.
  • Kirol klubek osasun azterketak egiteko dirulaguntza. 
  • Kirol kluben kualifikazio teknikoa garatzeko dirulaguntza. 
Kultura eta festak eremua:

Herriko kultur taldeen urteko programazioari nahiz kultur jarduerei zein herriko festetako ekitaldiei lotutako dirulaguntzak izango dira. Kultur jardunari lotutako dirulaguntzak ekainaren 2rako eskatu beharko dira, eta festetako ekintzei lotutako eskaerak, berriz, jaiak hasi baino hilabete lehenago egin beharko dira.

  • Azpeitiko kultur elkarteen urteko programak edo kultur jarduerak finantzatzeko bideratutako dirulaguntzak. Azpeitiko kultur elkarteen edo erakundeen urteko ohiko egitaraurako eta ohiko gastuetarako dirulaguntza da, eta udalak 47.500 euro bideratu ditu horretara. Ekainaren 2a izango da eskaerak aurkezteko azken eguna.  
  • Azpeitian egingo diren festetako programen garapena finantzatzeko dirulaguntzak. Azpeitiko auzoetako festen dinamizaziorako laguntza da honako hau, auzoetako festen egitaraua antolatzeko eta gastuei aurre egiteko ematen dena. Laguntza horietara 44.027 euro bideratuko ditu erakundeak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide