Indarkeria matxista kasuetan biktimari eskaintzen zaion arreta hobetzeko ikastaroa egiten ari dira hainbat langile publiko

Julene Frantzesena 2022ko mai. 3a, 15:01

Gaur goizean Basazabalen egin duten saioko irudia. (Azpeitiko Udala)

Azpeitiko Udalak eta Udaltzaingoak antolatuta, gaur eta bihar gauzatuko dituzte jardunaldiak, Basazabal jauregian. Orotara, 45 lagun ari dira parte hartzen Pascual Benet psikologo eta bitartekariak eskainitako saioetan.

Indarkeria matxista kasuetan biktimari eskaintzen zaion arreta hobetzeko ikastaroa egiten ari dira hainbat langile publiko, Basazabal jauregian. Azpeitiko Udalak eta Udaltzaingoak antolatuta, gaur eta bihar gauzatuko dituzte jardunaldiak, goizez eta arratsaldez. Orotara, 45 lagun ari dira parte hartzen Pascual Benet psikologo eta bitartekariak eskainitako saioetan; tartean, Azpeitiko Udaleko hainbat sailetako langileak, hala nola Gizarte Zerbitzuak, Hezkuntza, Aniztasuna, Parekidetasuna, Emakumeen Txokoa, Udaltzaingoa eta Gazteria. Gainera, besteak beste, Donostiako, Irungo, Azkoitiko eta Iruñeko udaltzainak ere izan dira han, baita Ertzaintzaren eta Foruzaingoaren ordezkariak ere.

Gaur goizeko saioaren hasieran Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak hartu du hitza, eta hark indarkeria matxista kasuetan elkarlanean aritzearen premia aipatu du. "Indarkeria matxista kasuetan, guztiok elkarrekin eta elkarlanean arituta, erantzun eta arreta hobea eskainiko diegu herritarrei".  Azpeitiak genero indarkeriaren eta sexu erasoen biktimak artatzeko protokoloa 2012. urtetik duela ere gogorarazi du. "Protokolo hori berritzea, hobetzea eta denon artean bultzada ematea ahalbidetuko digute orain arte egindako formazioek eta gaur martxan jarritakoak". 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide