Gnat Zinema erakustaldiko bi film emango dituzte datozen asteetan Soreasun

Mailo Oiarzabal 2022ko mai. 4a, 09:30

'La vida secreta de los árboles' filmaren irudi bat.

Andoni Canelaren Panteras ikusgai izango da hilaren 12an, eta Jorg Adolph eta Jan Haft-en La vida secreta de los árboles hilaren 18an. Sarrera doan izango da. Iazko esperientzia pilotuari jarraipena emanez, bigarrenez antolatu du Foru Aldundiak Gipuzkoako Natura eta Ingurumen Zinemaren Erakustaldia, eta lurraldeko bederatzi udalerritan emango dituzte filmak. Emanaldi irekiez gain, ikasleentzako saioak ere egingo dituzte; Azpeitian, hilaren 19an, Lexeia Larrañagaren eta Alexander Gutierrezen Natura Bizia dokumentala emango dute.

Gipuzkoako Natura eta Ingurumen Zinemaren Erakustaldiaren zirkuitoan sartuko da aurten ere Azpeitia. Iazko esperientzia pilotuari jarraipena emanez, bigarrenez antolatu du Foru Aldundiak Gnat Zinema erakustaldia. Lurraldeko bederatzi udalerritan emango dituzte filmak maiatzaren 10etik 20ra bitartean. Azpeitian bi emanaldi egingo dituzte Soreasu antzokian, hilaren 12an eta 18an; emanaldien aurretik aurkezpena eta ondoren solasaldia egingo dituzte. Bi egunetan, 19:00etan hasiko dira proiekzioak, eta sarrera doan izango da.

Hilaren 12an Andoni Canelaren Panteras dokumentala emango dute Soreasun. Canelak eta haren seme Unaik lau urtez felido handien atzetik munduan zehar bizitako abentura jaso dute filmean. Mato Grossoko jaguarra, Kalahariko gepardoa, Rajastango tigrea, Patagoniako puma, Yalako lehoinabarra eta Himalaiako elurretako leopardoa igaroko dira, besteak beste, pantailatik. Andoni Canelak berak aurkeztuko du filma Azpeitian, eta emanaldiaren ondoren solasaldia izango da zuzendariarekin.

Hilaren 18an, berriz, Jorg Adolph eta Jan Haft zuzendarien La vida secreta de los árboles izango da ikusgai Soreasun. Peter Wohllebenen izen bereko liburu arrakastatsuan oinarritutako dokumentala da, eta idazlea bera da protagonista: "Wohllebenek modu entretenigarri eta argigarrian hitz egiten digu zuhaitzen elkartasunari eta kohesioari buruz, eta gero eta ugariagoa den irakurle komunitatearen barru-barruan jotzen du: basoan barrena egindako bisitaldietan, bertan bizi diren izaki bizidun harrigarri horietara hurbiltzen gaitu". Soreasun, filmaren aurkezpena eta ondorengo solasaldia Iñaki Aizpurua botanikan adituak gidatuko ditu.

Ikasleentzako emanaldiak

Aipatutako bi emanaldi irekiez gain, Gnat Zinemaren barruan DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleei zuzendutako emanaldiak ere prestatu dituzte.

Azpeitian, Lexeia Larrañagaren eta Alexander Gutierrezen Natura Bizia dokumentala ikusteko aukera izango dute ikasleek hilaren 19an.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide