'Giselle' balleta Kursaalean ikustera joateko doako autobusa jarriko dute

Mailo Oiarzabal 2022ko mai. 4a, 14:59

Espainiako Dantza Konpainia Nazionalaren 'Giselle' balletaren irudi bat.

Maiatzaren 29an eskainiko du ikuskizuna Espainiako Dantza Konpainia Nazionalak Donostian, eta sarrera eskuratzen duten herritarrek joan-etorria autobusez egiteko aukera izango dute, Azpeitiko Udalaren bidez tokia aurrez erreserbatuz gero. Kursaal Eskura egitasmoaren barruko eskaintza da.

Espainiako Dantza Konpainia Nazionalak Giselle balletaren bere azken bertsioa eskainiko du maiatzaren 29an Donostiako Kursaalean, eta emanaldi hori ikustera Azpeititik joan nahi dutenek joan-etorria autobusean eta doan egiteko aukera izango dute. Kursaal Eskura egitasmoaren barruan, Kursaal Eszenarekin hitzarmena dute Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako udalek, herri horietatik Kursaaleko zenbait kontzertu eta ikuskizunetara joan nahi dutenei garraioa errazteko, eta Giselle balleta ikuskizun horietako bat izango da.

Maiatzaren 29ko dantza ikuskizunerako sarrerak –merkeenak 11 eurotan eta garestienak 42 eurotan jarri dituzte– Kursaalaren webgunean erosi ondoren gorde daiteke autobuserako tokia. Autobus hori erabili behar dutenek derrigor hartu behar dute tokia, udaleko 943-15 70 68 telefonora deituta edo kultura@azpeitia.eus helbidera idatzita. Maiatzaren 23an bukatuko da autobuserako erreserbak egiteko epea.

Maiatzaren 29an, 17:45ean irtengo da autobusa Azpeititik, anbulatorio aurreko geltokitik; gutxienez hamabost pertsonako taldea ez bada osatzen, ordea, eskaintza bertan behera utziko dute.

Gazteak eta langabetuak

30 urte artekoek zein langabezian dauden herritarrek ere baldintza berberetan hartu beharko dute tokia autobusean joan nahi badute, baina sarrerak eskuratzeko modua ez da bera izango bi multzo horietan daudenentzat.

Gazteek eta langabetuek 3 eurotan eros ditzakete ikuskizunerako sarrerak. Horretarako, udaleko 943-15 70 68 telefonoan egin behar dute sarreren erreserba, autobusarena bezalaxe. Ikuskizunaren egunean, Kursaaleko leihatilan jaso eta ordaindu beharko dituzte sarrerok, dagozkien agiriak aurkeztuta.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide