Amorante: "Entzute prozesuan murgiltzera gonbidatzen dugu publikoa 'So' ikuskizunean"

Nerea Uranga 2022ko mai. 6a, 10:40

Amorante eta Los Sara Fontan. (Argazkia: Kulturaz)

Amorantek eta Los Sara Fontanek So musika ikuskizuna eskainiko dute gaur, 21:00etan, Sanagustin kulturgunean. Sarrerak Kulturaz.eus webgunean daude eskuragarri.

Oihartzunak )))((( Resonàncies proiektuaren barruan ondu dute Iban Urizar Amorantek (Elgoibar, Gipuzkoa, 1975) eta Los Sara Fontan (Sara Fontan biolin jotzailea eta Edu Pou bateria jotzailea) Kataluniako bikoteak So ikuskizuna. Sormenari, elkar entzuteari, soinu esperimentazioari eta kultur elkarrizketari gonbidapena da proiektua. Kataluniako eta Euskal Herriko musikarien arteko lankidetza sustatzen du lurralde bakoitzeko espazio banatan: Azpeitiko Dinamoa sormen gunean eta Bergako Konvent espazioan.

Nondik norakoa da So ikuskizuna?

Hasiera batean, emanaldia koprodukzio moduan planteatuta dago. Alegia, Dinamoa sormen guneak eta Kataluniako Konvent gune autogestionatuak bi artista batu gintuzten proposamen bat sortzeko: Kataluniako Los Sara Fontan eta Euskal Herritik ni. Ikuskizuna prestatzeko lau egonaldi egin ditugu, bi Dinamoan eta beste bi Katalunian. Ikuskizuna Manresako (Katalunia) Fira Mediterrania azokan aurkeztu genuen.

Nolakoa da sortu duzuen ikuskizuna?

Berez, emanaldia inprobisaziotik abiatuta dago, eta so hitza jarri dugu dena orokortzeko. Sara Galiziakoa da, Edu katalana eta ni euskalduna, eta bai Katalunian, bai Galizian eta bai Euskal Herrian, hiruretan, so hitzak badu esanahi bat: begira Euskal Herrian, soinua Katalunian eta azpitik Galizian. Hitz hori ondo zetorkigun bai zentzu artistikoan, baita metaforikoan ere, eta hiruroi gustatzen zitzaigun. Beraz, so horren pean sortu genuen emanaldia. 360 graduko egoera batean izango da emanaldia; hau da, gu erdian jarriko gara, publikoa inguruan dugula, lurraren gainean eta agertokirik gabe. Hiruron artean sortzen dugu ikuskizuna, inongo aurreiritzi eta musika estilo zehatzi heldu gabe. Era horretan, narratiba zehatz bat sortzen dugu bai musikalki, bai performatiboki. Ia ordu batera iristen den emanaldi txukuna sortu dugula uste dut.

Ikusteko, entzuteko... ikuskizuna al da?

Entzute prozesu horretan murgiltzera gonbidatzen dugu publikoa, oso argi gutxi erabiltzen dugulako. Gure presentzia ez da hain inportantea, nahiz-eta alde sonikoak eta performatiboak bere garrantzia duten. Espazioa ez da erabat ilun egongo, baina soinuari garrantzia eman zaionez, nahiko ilun izango da, eta horra arte kontatu dezaket...

Ikuskizuna iragartzeko irudian gona gorri luzeak jantzita zaudete hirurok.

Gonena aukera estetiko bat izan da. Argi genuen hiruron artean sortutako emanaldian estetiko zerbait komuna izan behar genuela, janzkera aldetik, behintzat. Gona mota horiek hiru herrialdeetan edota hiru kulturetan agertzen dira. Beraz, horiek egiteko eskatu genuen, eta Kataluniako jende dotore batek egin dizkigu gona eder horiek espreski. Horiek jantzita aterako gara jendaurrera.

Oihartzunak )))((( Resonàncies proiektuaren lehen edizioaren emaitza da zuek sortu duzuen So ikuskizuna.

Bai, hala da, eta pentsatzen dut ez dela honetan soilik geldituko proiektua, eta aurrera begira beste proiektu edo proposamen batzuk hautatuko dituztela. Gurea lehenengoa izan da, eta ondo funtzionatu du, gustura gaude. Dinamoak eskaintzen duen espazioa benetan ederra da, eta Azpeitikoak ez garenok inbidiaz begiratzen diogu beste herrietatik. Beraz, horrelako proposamenak iristen diren bitartean, gu gustura.

Aurretik ezagutzen al zenuen Los Sara Fontan taldea?

Haien musika ezagutzen nuen, eta pertsonalki Edu ere bai, baina Sara ez. Elkarrekin egin ditugun egonaldien ondorioz lagunak egin gara, musikalki eta haratago; horretarako ere balio izan digu proiektuak. Oso jende elegantea topatu dut, eta oso pozik nago. Manresako azokan aurkeztu genuen ikuskizuna, gaur Azpeitian egingo dugu, eta datorren astean Galiziara joango gara emanaldia aurkeztera. Printzipioz hiru kontzertu horiek egingo ditugu, eta badakit gogoa dagoela gehiago egiteko, baina Eduk bere proiektua ere badauka, Sarak ere bai, eta nik Amorante bakarkako jarduna. Zurrunbilo horretan ez da erraza izaten gauzak bat etortzea, baina gogoa badago.

Los Sara Fontanekin orain egin bezala, Amoranterekin beste elkarlanik egin izan al duzu?

 

Eskaini izan dizkidate halako kultur hibridaje batzuk, idazle baten testu bat musikatzea eta. Ondo etortzen dira horrelakoak, nire kasuan Amoranteren jardun horretatik ateratzen nautelako, eta ondo dago beste diziplina batzuetan edota beste pertsona batzuekin lan egitea.

Gaurko emanaldirako gogoz al zaude?

Bai, noski. Gainera, Sanagustin kulturgunea oso plaza ederra da. Horrelako espazioen aukera askorik ez dago.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide