Euskal Errepublikaren aldeko aldarria lau haizetara zabaldu dute gaur eguerdian Azpeitian. Izan ere, Naziogintza taldeak antolatuta, Euskal Errepublikaren Eguna egin dute hainbat lagunek herrian. 1931. urtean Euskal Errepublika aldarrikatu zuten hemeretzi udalek, tartean Azpeitikoak, eta aldarrikapen haiek gogora ekarri dituzte gaurkoan, ordutik 91 urte pasatu direnean. Udal adierazpenak onartu zituzten hainbat herritako udal ordezkariak ere izan dira ekitaldian, hala nola Bergarakoak, Oñatikoak, Zumaiakoak nahiz Zestoakoak.
12:00etarako hainbat lagun elkartu dira plazan, eta Enparan kalean eta Erdikalean barrena kalejira egin dute, ikurrinak eta Naziogintza taldearen ikurrak eskuetan, trikitilariek lagunduta. Ondoren, Sanagustin kulturgunean egin dute Xabier Euzkitzek gidatu duen ekitaldia. "Aitzindari haien ohorez eta omenez eta geure egungo gaiekiko zintzotasunez", egin dute gaurko ekitaldia, Euzkitzek jakinarazi duenez. Jokin Urangak eta Oier Etxeberriak bertso bana kantatuta ekin diote ekitaldiari, eta ondore, kantu jirako kideek Oi ama Euskalerria abestia kantatu dute.
Ondoren, 1931ko Euskal Errepublikaren aldeko adierazpena testuinguru historikoan eta kronologikoan kokatu du Maite Garmendiak, gaurko ekitaldira joaterik izan ez duen baina harako testua prestatu duen Xabier Irujoren testu bat irakurrita.
Izan zirenei omenaldia
Naziogintzako kideek 42 udaletako artxiboetan egin dituzte miaketa lanak azken urteetan, eta horietatik hemeretzitan aurkitu dituzte Euskal Errepublikaren aldeko mozioak. Azpeitian ez ezik, Bergaran, Bermeon, Elorrion, Errenterian, Getxon, Hernanin, Itsasondon, Lazkaon, Legorretan, Markina-Xemeinen, Mundakan, Oñatin, Orion, Ormaiztegin, Urnietan, Usurbilen, Zaldibian, Zestoan eta Zumaian, eta udalerri horietako udaletako hainbat kide ere izan dira ekitaldian.
1931. urtean Azpeitiko Udaleko hautetsi ziren eta Euskal Errepublikaren aldeko adierazpena onartu zuten kide guztiei txalo zaparrada eskaini diote segidan, Euzkitzek haien guztien izenak irakurri baititu. Honako hauek izan ziren sasoi hartako Azpeitiko udal ordezkariak: Castro Orbegozo Enbil, Toribio Azkue Etxezarreta, Ciriaco Agirre Zinkunegi, Tiburcio Lopetegi Iraeta, Silvestre Madrazo Garcia, Alejandro Orbegozo Enbil, Victor Agirre Etxabarria, Juan Jose Iriarte Odriozola, Faustino Odriozola Etxebarria, Andres Etxaniz Arrizabalaga, Roque Astigarraga Etxaniz, Silvestre Otamendi Lasa, Jose Maria Aizpuru Aranburu, Martin Oiarzabal Izagirre, Jose Maria Aramendi Estela eta Francisco Iturzaeta Agirre.
Horietako hiruren senideak agertokira igo dira. Hain zuzen ere, Roque Astigarragaren biloba Josu Astigarraga, Jose Maria Aramendiren biloba Jesus Aramendi eta Silvestre Otamendiren alaba Aurelia Otamendi. Itsasi dantza taldeko kideek Agurra dantzatu diete horiei, eta lore sorta bana ere jaso dute, ekitaldira joandako herritarren txalo artean.
Errepublika propioaren beharra
Ekitaldia bukatzeko, Naziogintza taldeko Josu Alberok hartu du hitza. Hark adierazi duenez, katea "ez da eten", Azpeitiko Udalak orain dela 91 urteko apirilaren 17an autodeterminazio eskubidea aipatuz aho batez onartu zuen Euskal Errepublikaren aldeko aldarrikapenak bizirik segitzen duelako. "Euskal Errepublika eskatzen dugu, euskaldunok ez garelako espainolak eta frantsesak. Hainbeste kostatzen al zaie hori ulertzea?", galdetu du. Euskal Errepublikaren aldarria aspaldikoa dela gogorarazi du Alberok, besteak beste, Aita Larramendi, Dominique Garat eta Agosti Xaho aipatuta.
Euskal Errepublika "beharrezkoa" dela eta Euskal Herrian bere "errepublika propioa" behar duela esan du hark, hainbat arrazoi aipatuta. "Mendekotasun, sumisio eta dependentzia politikoa zein gure hizkuntza, kultura eta identitatea ukatzen dituen Espainiako monarkiaren aurrean, guk Euskal Errepublika lehenesten dugu; autodeterminazio eskubideari muzin egiten dion eta Euskal Herriko hegoaldea bitan zatitzen duen eta Trebiñu euskal administraziotik kanpo uzten duen Espainiako monarkiaren aurrean, guk Euskal Errepublika lehenesten dugu; betiko Espainia atzerakoi eta zapaltzailea ordezkatzen duen eta Espainiako monarkia ustel eta zaharkituaren aurrean, guk Euskal Errepublika aldarrikatzen dugu", adierazi du Naziogintzako kideak.
Hitzartzeen txanda bukatuta, plazara atera dira Sanagustin kulturgunean bildu diren herritarrak nahiz ekitaldiaren sustatzaileak, eta Kantu Jirako kideek Txoriak txori eta Gernikako arbola abesten ari zirela, plazako ikurrina igo dute omenaldia jaso duten hiru lagunek, hau da, Josu Astigarragak, Jesus Aramendik eta Aurelia Otamendik.