Atxur Festarekin itzuliko dira asteburuan sanisidroak Aratzerrekara

Mailo Oiarzabal 2022ko mai. 9a, 15:33

Gaztetxoak atxurrean altxorraren bila, 2019ko sanisidroetan. Aurten ere izango dute aukera, igandean. (Mailo Oiarzabal)

2019tik festarik ospatu gabe egon ondoren, bi eguneko egitaraua prestatu dute aurtengorako. Zapatuan eta igandean, San Isidro bezperan eta egunean, heldu, gazte zein haurrentzako hitzorduak prestatu dituzte.

Sanisidroen eta Atxur Festaren itzulerarako prest daude Aratzerrekan. 2019tik festarik ospatu gabe egon ondoren, bi eguneko egitaraua prestatu dute aurtengorako. Zapatuan eta igandean, San Isidro bezperan eta egunean, heldu, gazte zein haurrentzako hitzorduak prestatu dituzte.

Hain zuzen ere, ohi dutenez, mahaiaren bueltan eta trikiti doinuekin alaituta ospatzeko prestatu dituzte egitarauaren helduentzako hitzordu nagusiak. Gaztetxoenentzat, aldiz, kirolean eta jolasean aritzeko ekintzak pentsatu dituzte; igande arratsaldean izango da aurten Atxur Festa, 16:00etatik aurrera, eta bertan ekintza ugaritan parte hartzeko aukera izango dute umeek eta gaztetxoek.

Hona hemen Aratzerrekan San Isidro festetarako prestatu duten egitarau osoa:

Maiatzaren 14a, zapatua. San Isidro bezpera

  • 19:30. Atxurraren igoera eta txupinazoa.
  • 19:45. Pintxo poteoa.
  • 20:00. Afaria: mami jana. Joaten diren guztientzat menu itxia izango da. Afaria eta afalondoa girotuko dituzte Itzederrek eta Txibilterrek.

Maiatzaren 15a, igandea. San Isidro eguna

  • 10:30. Suziriak.
  • 11:00. Meza nagusia.
  • 12:00. Alebin eta infantil mailetako pilota partidak. Alebinetan, Arriaran eta Beristain Clavijoren eta Arangurenen kontra ariko dira; eta infantiletan, Iturralde eta Aranguren Urrestillaren eta Ulaziaren kontra.
  • 14:30. Bazkaria, eta bazkaria zein bazkalostea animatzeko, Garixe eta Julen soinujoleen saioa.
  • 16:00. Atxur Festa:
    • Atxurrean altxorraren bila.
    • Herri kirolak: sokatira, artaburu zuritzea, lokotx biltzea eta abar.
    • Mokadutxoa, elkartzen diren guztientzat.
  • 17:30. Lopeneren zezen txikiekin eta poniekin jolasak, frontoian.
  • 20:00. Atxurraren jaitsiera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide