Hastear da Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, eta Azpeitiko palistek nahiz pilotariek asteburuan ekingo diote lehiari. Eskupilotako taldea asko aldatu da urtebetean, zenbait beteranok uztea erabaki dutelako, eta Ilunpeko harrobiko beste zenbaitek profesionaletara salto egin dutelako. Datorren larunbateko partida nork jokatuko duen erabakia dute dagoeneko, eta lehia hastear den honetan, Izarraitz pilotalekura bertaratu da Erlo Telebista protagonistekin hitz egiteko. Jabi Odriozola entrenatzaileak "ondo" ikusten du Azpeitia ordezkatuko duen taldea, eta gazteak gogoz daudela adierazi du.
Ilunpekoek larunbatean jokatuko dute final zortzirenetako joanekoa Lasarte-Oriaren aurka, etxetik kanpo. Kadeteetan Iker Otaegi eta Oier Larrañagak ordezkatuko dute Azpeitia; jubeniletan Beñat Labakak eta Urtzi Egigurenek eta seniorretan Iker Egigurenek eta Josu Labakak.
Iker Otaegik aurreneko urtea du herriartekoan, eta urduri dagoela aitortu du. Urtzi Egigurenek bigarren urtea du aurten, eta jubeniletan arituko da. Taldea ondo ikusten duela dio. Iker Egigurenek, Josu Labakak eta Haritz Larrañagak hartuko dute Dani Murgiondoren, Iosu Uzkudunen eta Unai Alberdiren erreleboa. Ardura dela uste du Egigurenek, eta ahalik eta lanik onena egitera joango direla adierazi du.
Faboritorik ba ote dagoen galderatuta, hainbat talde aipatu dituzte, eta aurten txapela herrira ekartzea zaila izango dela uste duten arren, dena ematera irtengo dira kantxara.