2019tik festarik gabe egon ostean, betiko giro eta ekintzekin itzuli dira sanisidroak Aratzerrekara. Atzo, San Isidro bezperan, ekin zioten festei, atxurraren igoerarekin. Ondoren, ohiturari jarraituz, mami-jana egin zuten, eta afalondoa Itzederrek eta Txibilterrek girotu zuten.
Gaur goizean jarraitu dute festarekin. Meza nagusia, pilota partidak eta bazkaria egin dituzte. Garixe eta Julen soinujoleen girotu dute bazkalostea, eta hainbat izan dira bertsoak zein bestelako abestiak kantatzera animatu direnak. Giro ederra izan da mahai bueltan.
16:00etan hasi da haurrei zuzendutako Atxur Festa. Hain zuzen, atxurrean altxorraren bila ibili dira gaztetxoak, bertaratu direnen begiradapean. Gero eginagatik, haur eta gaztetxo ugari animatu da atxurrera. Ondoren, askotariko jolasak eta mokadutxoa egin dituzte. Amaitzeko, Lopeneren zezen txikiekin eta poniekin jolasak egin dituzte. 20:00etan agurtu dituzte festak hurrengo urtera arte, atxurraren jaitsierarekin.