Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa 2022

Azpeitiak aurre hartu du Herriartekoaren final-zortzirenetako kanporaketan

Andoni Elduaien 2022ko mai. 16a, 11:48

Nagusien mailako partidako irudi bat. (Utzitakoa)

0 eta 3 irabazi zuten eskuzko pilotari azpeitiarrek larunbat arratsaldean, Lasarte-Orian. Aste honetan jokatuko dituzte final-zortzirenetako itzulerako norgehiagokak, Izarraitz pilotalekuan. Gipuzkoako Pala Luzeko Txapelketan, berriz, garaipenarekin ekin dio Azpeitiak bere ibilbideari.

Azpeitiko eskuzko pilotariek Herriartekoaren final-zortzirenetako joaneko hiru partidak irabazi zituzten herenegun, larunbata, Lasarte-Oriako Mitxelin pilotalekuan. Aise nagusitu ziren azpeitiarrak aurtengo txapelketako lehen kanporaketan; izan ere, Lasarte-Oriako pilotariek 24 tanto besterik ez zizkieten egin azpeitiarrei hiru partidetan.

Kadete mailan, Iker Otaegik eta Oier Larrañagak 6 eta 22 menderatu zituzten lasartearrak. Jubenil mailan, berriz, Beñat Labakak eta Urtzi Egigurenek zortzi tantoan utzi zituzten aurkariak. Nagusien mailako partida jokatu zuten azkena, eta Iker Egiguren eta Josu Labaka 10 eta 22 nagusitu ziren.

Aste honetan jokatuko dituzte itzulerako partidak Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, eta Azpeitiak final-laurdenetara sailkatzea lortuko du partida bat irabazita. Hiru partidak galduta ere, txapelketan aurrera egiteko azpeitiarrek nahikoa izango dute Lasarte-Oriak joaneko partidetan egindako 24 tantoak gainditzea. Sailkapena lortuz gero, azpeitiarrek Ataun edota Amasa-Villabona izango lukete aurkari; Ataunek, ordea, aurre hartu du kanporaketan, 0 eta 3 irabazi baitzuen Villabonako (Gipuzkoa) Bear Zana pilotalekuan.

Azpeitiak irabazi pala luzean

Atzo jokatu zen Izarraitz pilotalekuan Gipuzkoako Pala Luzeko Txapelketaren bigarren jardunaldia. Azpeitiarentzat estreinako jardunaldia izan zen txapelketan, eta garaipena lortu zuen etxeko taldeak bere ibilbideko lehen koska horretan.

Hain zuzen ere, Mikel Sanchezek eta Eneko Martijak osatutako bikoteak 45 eta 35 menderatu zuen Gazteleku 1 bikotea. Gaztelekukoek bigarren neurketa zuten txapelketan; lehen jardunaldian Ordiziaren kontra galdu zuten, eta atzo ere galtzaile izan ziren Andoaingoak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide