Bihar, zapatua, izango du jarraipena Euskal Herriko I. Elektrotxaranga Lehiaketak. Izan ere, bihar beste bi talderen txanda izango da. Game of Txaranga eta 3Indarrok elektrotxarangak ariko dira Alde Zaharra girotzen: 19:00etatik 20:30era plaza eta Perez Arregi plazara arteko bidea egingo du lehen taldeak; eta 20:30etik 22:00etara, alderantzizko bidea egingo du bigarrenak.
AZTE tabernarien elkarteak eta Azpeitiko Udalak antolatu dute egitasmoa, eta lehen saioa duela bi aste egin zuten; Elektrotxuflak eta Zütik elektrotxarangek giro paregabea sortu zuten kalean. Orotara sei elektrotxarangak parte hartu dute lehiaketaren aurtengo edizioan, eta hilaren 28an, larunbatez, ariko dira azken bi taldeak: Matraka eta OstiKda.
Emanaldi horien ostean jakinaraziko du epaimahaiak zein den Euskal Herriko Elektrotxarangen Lehiaketaren lehen edizioaren irabazlea, eta elektrotxaranga onenak 6.000 euroko diru saria eskuratuko du.