Azoka Plazako aretoa jendez bete du buru osasunaren inguruko jardunaldietako lehen saioak

Nerea Uranga 2022ko mai. 20a, 07:30

Xabier Lertxundik eta IƱigo Antsorregik suizidioaz eta depresioaz hitz egin zuten atzokoa saioan. (Argazkia: Ihintza Elustondo)

Azpeitiko Udalak antolatutako buru osasunaren inguruko jardunaldietako lehenengo saioa izan zen atzo, osteguna, Azoka Plazako aretoan. Suizidioa eta depresioa izan zen atzo landu zituzten gaiak.

Xabier Lertxundi Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko Kudeaketa Klinikoko Unitateko buruak eta Iñigo Antsorregi Dierez depresioa izandako gazteak parte hartu zuten atzo, osteguna, Azoka Plazako lehen solairuko aretoan egindako solasaldian; Suizidioa eta depresioa gai hartuta aritu ziren hizketan. Jende asko batu zen hitzaldira, 80 lagun inguru, eta han bildutako herritarrek galdera ugari egin zizkieten hizlariei.

Azpeitiko Udalak buru osasunaren inguruko jardunaldietan hiru saio antolatu ditu, eta atzokoa izan zen aurrenekoa. Depresioaz, suizidioaz eta buru osasunaz hitz egin behar dela iritzita, prestatu ditu saioak udalak. Hiru hitzaldiak Azoka Plazako lehen solairuko aretoan izango dira, 18:00etan hasita. Hurrengo saioa datorren ostegunean, maiatzaren 26an, izango da. Agustin Erkizia eta Eva Bilbao Biziraun elkarteko kideak izango dira hizlariak, Suizidioa prebenitu, bizitza sustatzeko gai hartuta.

Ekainaren 2an, ostegunean, suizidioaz mahai ingurua egingo dute Aitziber Garmendiak eta Garbiñe Larreak, Ihintza Elustondo kazetaria moderatzaile dela.

Azoka Plazako lehen solairuko aretoa jendez beteta atzoko solasaldian. (Argazkia: Ihintza Elustondo)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide