Hanburgesa eta garagardo artisau zaleek hitzordu berezia dute zapatuan herrian, Azpeitiko Udalak, Ederto Gipuzkoako harakinen elkarteak eta Dendartean Gipuzkoako merkatari elkarteen bilkurak antolatuta. Izan ere, Gipuzkoako I. Hanburgesa Artisau Lehiaketaren harira, hanburgesak ez ezik, askotariko garagardo artisauak dastatzeko aukera izango dute herritarrek.
Batetik, Gipuzkoako hanburgesa haragi onena izendatuko dute egun horretan. Oraingoz, lurraldeko 22 harategik eman dute lehiaketan parte hartzeko izena. Epaimahaiak hanburgesaren itxura, testura, kolorea, zaporea, bertakotasuna nahiz produktuen konbinazioa baloratuko ditu. 18:00etan hasita egingo dute lehiaketa Azoka Plazan.
Bestetik, lehiaketa tarteko, herritar guztiek izango dute hanburgesak dastatzeko aukera, 18:00etatik aurrera. Banatuko dituzten hanburgesak lehiaketara aurkeztutako okelarekin eginak izango dira, eta ogi artean eta bakoitzak nahi dituen osagaiekin –gazta, tipula potxatua, ketchupa, mahonesa...– zerbitzatuko dituzte horiek. Janariaren osagarri gisa, garagardo artisauaz ere gozatu ahal izango dute herritarrek. Izan ere, Euskal Herriko bost garagardo ekoizleren produktuak izango dira dastagai: Atala Brewing, Baobeer, Iparra, Mitika eta Izar-Haitz. Gainera, arratsaldean ez ezik, garagardo horiek probatzeko aukera izango da 12:00etatik 14:30era bitartean ere.
Lehiaketak nahiz dastaketak ikuspuntu solidarioa izango dute horien sustatzaileek azaldu dutenez. Izan ere, biltzen duten dirua gerrak kaltetutako pertsonentzako materiala erostera bideratuko dute. "Bertako harakinen zein garagardo ekoizleen produktuak ezagutuz, gerraren gordintasuna pairatzen dutenei iritsiko zaie ekarpena". Antolatzaileen arabera, Ardo Egunaren antzeko formatua izango du egunak, eta adierazi dute festa giroa ziurtatuta izango dela. Hori dela eta, herritarrei larunbatean plazara joateko deia egin diete, eta eskerrak eman dizkiete egitasmoa lagundu duten Errotaundi okindegiari eta Deuko Izarra enpresari.
Txartel bat, euro bat
Hanburgesak nahiz garagardoak dastatzeko ordaindu egin beharko da. Hain zuzen ere, euro batean salduko dituzte txartelak, eta antolatzaileek azaldu dutenez, hanburgesa bat hiru txartelen trukean eskuratu ahal izango da, hau da, hiru eurotan. Garagardo bakoitzak, berriz, bere prezioa izango duela aurreratu dute.