Bihar bukatuko da Euskal Herriko Elektrotxarangen I. Lehiaketa

Julene Frantzesena 2022ko mai. 27a, 10:06

Aurreko asteko elektrotxaranga baten emanaldiko irudia.

Matraka eta OstiKda taldeen txanda izango da; 19:00etatik 22:00etara bitartean ariko dira Alde Zaharra girotzen. AZTE tabernarien elkarteak eta Azpeitiko Udalak antolatu dute egitasmoa, eta irabazleak 6.000 euroko diru saria eskuratuko du.

Bihar, zapatua, izango da Euskal Herriko I. Elektrotxaranga Lehiaketaren azken saioa. Bi asteburutan lau elektrotxarangak eskaini dituzte emanaldiak, eta biharkoan beste bi izango dira Alde Zaharreko giroa alaitzen. Hain zuzen ere, Matraka eta OstiKda taldeen txanda izango da.

Matraka taldeak 19:00etan hasiko du emanaldia plazan, eta 20:30erako Perez Arregi plazan izango da. Haien emanaldia bukatzean, OstiKadaren txanda izango da: 20:30etik 22:00etara, alderantzizko bidea egingo du taldeak.

AZTE tabernarien elkarteak eta Azpeitiko Udalak antolatu dute egitasmoa, eta lehen saioa duela hiru aste egin zuten; Elektrotxuflak eta Zütik elektrotxarangek giro paregabea sortu zuten kalean. Joan zen zapatuan, berriz, Game of Txaranga eta 3Indarrok elektrotxarangen txanda izan zen.

Zapatuko emanaldien ostean –egunik ez dute zehaztu– jakinaraziko du epaimahaiak zein den Euskal Herriko Elektrotxarangen Lehiaketaren lehen edizioaren irabazlea, eta elektrotxaranga onenak 6.000 euroko diru saria eskuratuko du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide