Azpeitiak ezin hobeto hasi du Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako ibilia. Izan ere, final-zortzirenetako fasea nagusitasunez gainditu dute Ilunpeko pilotariek. Lasarte-Oriaren aurkako joaneko eta itzulerako partida guztiak irabazita egin du aurrera Azpeitiak, eta dagoeneko final-laurdenetarako prest dira dagoeneko kirolariak.
Ataun izango du Azpeitiak aurrez aurre bigarren fasean. Hain zuzen ere, bihar, ostirala, 19:00etan hasita jokatuko dituzte joaneko partidak etxetik kanpo. Itzulerakoak, berriz, datorren astean jokatuko dituzte Ilunpekoek Izarraitz pilotalekuan, baina oraindik zehazteko daude eguna eta ordua.
Herriarteko larruzko paleta eta pala motzeko final-laurdenetako itzulerako partidak bai, Azpeitian izango dira. Hain zuzen ere, Azpeitiak Donostiaren kontra neurtuko ditu indarrak bihar, 20:00etan hasita, Izarraitz pilotalekuan. Larruzko paletan Haritz Aranbarri eta Mikel Sanchez arituko dira, eta pala motzean, Eneko Martija eta Urtzi Lopetegi. Joaneko partidak joan zen astean jokatu zituzten, eta azpeitiar kirolariek ezin izan zituzten donostiarrak mendean hartu: 2 eta 0 galdu zuten.
Berria txapelketan, aurrera
Joan den igandean, Ilunpeko pilotariek garaipena lortu zuten eskuz binakako Berria txapelketako final-zortzirenetan. 2 eta 1 irabazi zuten Iurretako (Bizkaia) Olaburu taldearen aurka. Lehen bi partidetan goitik behera nagusitu ziren azpeitiarrak, eta azkeneko lehian lortu zuten puntua etxekoek. Kadeteen mailan, 22 eta 10 irabazi zieten Ilunpeko Otaegik eta Larrañagak. Berdinduta ekin zioten partidari, baina gerora Otaegiren joak garaipenera bideratu zuen Ilunpe.
Gazteen mailako partidan Labaka eta Egiguren azpeitiarrak 22 eta 2 nagusitu ziren. Frontoiaren aurreko zein atzeko koadroetan gehiago izan ziren Ilunpeko pilotariak. Aldiz, nagusien partida galdu zuten azpeitiarrek. Iurretarrek 22 eta 6 menderatu zituzten Elosegi eta Larrañaga. Final-laurdenetara sailkatu da Ilunpe, eta ekaineko bigarren asteburuan Ultzamako (Bizkaia) Buruzgain taldearen aurka jokatuko du.
Asteburuko pilota partidak
Herriartekoko partidarik ez, baina beste hainbat txapelketatako norgehiagokak izango dira egunotan Azpeitian. Bihar, 18:15ean hasita, esaterako, Lau eta Erdiko Txapelketako bi partida jokatuko dituzte Izarraitz pilotalekuan. Ordu berean, Errendimendu Txapelketako eta Lau eta Erdiko Txapelketako neurketak izango dira. Zapatuan, berriz, Errendimendu Txapelketako lehia bat eta Lau eta Erdiko Txapelketako bi izango dira Izarraitz pilotalekuan, 16:00etatik aurrera.