Zozkatu dituzte Otzakako eta Izarraizpeko baratze ekologikoetan libre ziren lursailak

Julene Frantzesena 2022ko mai. 26a, 09:32

Astelehenean egin zuten zozketako irudia. (Azpeitiko Udala)

Otzakan 12 lur zati eta Izarraizpeko eremuan beste 45 zozkatu ditu Azpeitiko Udalak, eta onuradunekin aurki jarriko da harremanetan, kontratua sinatzeko. Baratzerik egokitu ez zaien herritarrekin itxaron zerrenda osatuko du erakundeak.

Azpeitiko Udalak astelehenean egin zuen Otzaka eta Izarraizpe eremuetako baratze ekologikoetako hainbat lursailen zozketa. Otzakan 12 lur zati eta Izarraizpeko eremuan beste 45 zozkatu ditu erakundeak, eta haren webgunean ikus daiteke onuradunen zerrenda. Erakundeak adierazi duenez, kontratua sinatzeko aurki jarriko da horiekin harremanetan.

Horrenbestez, herritar horiek, gutxienez urtebetez, baratzea ustiatzeko aukera izango dute aurrerantzean; zortzi urtera arte luza daiteke lursailaren lagapena. Baratzerik egokitu ez zaien herritarrekin itxaron zerrenda osatuko du udalak, eta erakundeak "ahalegina" egingo du horiek ere baratzeen programan parte hartzeko aukera izan dezaten.

Urteak dira Azpeitian baratze ekologikoen programa martxan jarri zutela, eta gaur-gaurkoz, bi baratze parke daude herrian: Otzakakoa eta Ikasberri Ikastolaren ondokoa. Udalak azaldu duenez, baratze ekologikoen programarekin "praktika jasangarriak" bultzatu nahi ditu, "norbanakoek eta taldeek aukera izan dezaten baratze ekologikoak lantzeko eta norbere kontsumorako produktuak eskuratzeko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide