Euskal Herriko Txirrindularitza Txapelketa dela eta, Foru pasealekua itxita izango da igande arratsaldean

Julene Frantzesena 2022ko mai. 26a, 11:41

Zelai Luzen jarri ditu jakinarazpenak Udaltzaingoak. (Nerea Uranga)

Emakumeen bi lasterketa izango dira 15:15etik aurrera, eta proba horiek Zelai Luzen hasi eta bukatuko dira. Ondorioz, 08:00etatik 20:00etara ezingo da autorik aparkatu Foru pasealekuan nahiz Zelai Luzen, eta 15:00etatik 19:00etara itxi egingo dute errepide zati hori. Autobusek herriaren kanpoaldean egingo dituzte geldialdiak tarte horretan.

Emakumeen Euskal Herriko Txirrindulari Txapelketa izango da igandean Azpeitian, eta proba horren eraginez, hainbat aldaketa izango dira trafikoan; ezingo da aparkatu Foru pasealekuan eta Zelai Luzen eta arratsaldean itxita izango da errepidea. 15:15ean jokatuko dute kadeteen lasterketa, eta 16:30ean, berriz, junior, 23 urtez azpiko eta elite mailako txirrindulariena. Zelai Luzen hasi eta bukatuko dira probak.

Lasterketa horiek tarteko, igandean ezingo da ibilgailurik aparkatu Foru pasealekuan nahiz Zelai Luzen, 08:00etatik 20:00etara bitartean. Halaber, 15:00etatik 19:00etara, ibilgailu guztientzat itxita izango da Foru pasealekua, eta autobusak herriaren kanpoaldetik igaroko dira. Horrenbestez, Burndinbidearen Euskal Museoaren parean eta Julian Elorza hiribidean beharrean, saihesbidean egingo dituzte horiek geldialdiak. 

Bestalde, Zestoa aldean ere hainbat bide mozketa izango dira probek irauten duten bitartean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide