Gipuzkoako Pala Luzeko Txapelketaren finalerdiak jokatuko dituzte igandean Izarraitz pilotalekuan

Anartz Izagirre 2022ko mai. 27a, 10:40

Gipuzkoako Pala Luzeko Txapelketako jardunaldi bateko irudia.

Ilunpeko bikotea finalerdietara sailkatu da, eta Mikel Sanchezek eta Eneko Martijak Andoaingo taldea izango dute aurkari igandean. Bigarren finalerdia, aldiz, Tolosak eta Ordiziak jokatuko dute. Ekainaren 5ean izango da txapelketaren finala, Andoainen.

Maiatzaren hasieran ekin zioten Azpeitian Gipuzkoako Pala Luzeko Txapelketari, eta dagoeneko amaierara heltzen ari da. Datorren igandean, maiatzak 29, finalerdiak jokatuko dituzte lau bikotek Izarraitz pilotalekuan, 10:00etan. Alde batetik, Ilunpe taldeko Mikel Sanchez eta Eneko Martija azpeitiarrek Andoaingo taldeko pilotariak izango dituzte aurkari, eta, bestetik, Ordiziako eta Tolosako pilotariek neurtuko dituzte indarrak elkarren aurka. Beraz, finalerdia irabaziz gero, Ordiziaren edo Tolosaren aurka jokatu beharko dute finala azpeitiarrek.

Ilunpeko Erreminta Sailak adierazi duenez, txapelketaren finala Andoainen izango da, datorren ekainaren 5ean. Hasiera batean, txapelketako kanporaketa guztiak bezala, Azpeitian jokatu behar zuten finala ere. Egun horretan, ordea, Urrezko Aizkora Txapelketaren finala izango da Izarraitz pilotalekuan, eta, beraz, finala Andoainera lekualdatzea erabaki du Gipuzkoako Pilota Federazioak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide