Jende ugari buru osasunaren inguruko jardunaldietako bigarren hitzaldian

Maialen Etxaniz 2022ko mai. 27a, 10:35

'Suizidioa prebenitu, bizitza sustatzeko' hitzaldiko argazkia. (Azpeitiko Udala)

Buru osasunaren inguruko jardunaldien bigarren saioa izan zen atzo, eta Biziraun elkarteko Agustin Erkizia eta Eva Bilbao aritu ziren hizlari. Suizidioa prebenitu, bizitza sustatzeko izenburupean eskaini zuten hitzaldia atzo. Ekainaren 2an bukatuko dira jardunaldiak, suizidioaeren inguruko mahai inguruarekin.

Aurrera doaz Azpeitiko Udalak sustatutako buru osasunaren inguruko jardunaldiak. Atzo, osteguna, izan zen jardunaldien barruko bigarren hitzordua, eta bertan Biziraun elkarteko Agustin Erkizia eta Eva Bilbao aritu ziren hizlari. Biziraun maite duten norbaiten suizidioak mindutako pertsonen elkartea da. Hain zuzen, Suizidioa prebenitu, bizitza sustatzeko izenburupean aritu ziren solasean, eta jende ugari bertaratu zen hitzaldira. Hitzaldian, "suizidioaren inguruko hainbat mito deseraiki eta arrisku egoerak detektatzeko hainbat gako" azaldu zituzten. Horrez gain, Biziraun elkartea eta egiten duten lana ere ezagutarazi zuten Erkiziak eta Bilbaok. 

Ekainaren 2an itxiko dituzte jardunaldiak. Egun horretan, 18:00etan hasita, mahai ingurua eskainiko dute Aitziber Garmendiak eta Garbiñe Larreak Azoka Plazako areto nagusian. Ihintza Elustondo kazetariak dinamizatuko du saioa.  Azken saio horretan Garmendiak eta Larreak hartuko dute hitza. Biek  oso gertutik bizi izan dute suizidioa, baina etapa desberdinetan daude. Berain bizipenak eta hausnarketak plazaratuko dituzte jardunaldietako azken saioan.  

Joan zen astean eskaini zuten jardunaldien barruko lehen hitzaldia, eta Azoka Plazako aretoa jendez bete zen. Orduan Xabier Lertxundi Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko Kudeaketa Klinikoko Unitateko buruak eta Iñigo Antsorregi Dierez depresioa izandako gazteak eskaini zuten hitzaldia, Suizidioa eta depresioa gai hartuta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide