Euskal Herriko Txirrindulari Txapelketa dela eta, aldaketak izango dira autobus geltokietan

Ihintza Elustondo 2022ko mai. 28a, 08:43

Emakumeen Euskal Herriko Txirrindulari Txapelketa jokatuko da bihar, eta horren eraginez, anbulatorio aurreko, Burdinbidearen Euskal Museoko eta Julian Elorzako geltokiak lekuz aldatuko dituzte arratsaldean.

Emakumeen Euskal Herriko Txirrindulari Txapelketa jokatuko da bihar, igandea, Azpeitian, eta proba horren eraginez, aldaketak izango dira herriko autobus geltokietan, 15:00etatik 19:00etara bitartean. Hain zuzen ere, anbulatorio aurreko geltokia suhiltzaileen parke aurrera lekualdatuko dute, eta Burdinbidearen Euskal Museoko eta Julian Elorzako geltokiak, berriz, Burdinbidearen Euskal Museoko oinezkoentzako zubiaren parera.

Autobus geralekuetan ez ezik, hainbat aldaketa izango dira trafikoan ere: ezingo da aparkatu Foru pasealekuan eta Zelai Luzen bihar 08:00etatik 20:00etara, eta arratsaldean itxita izango da errepidea, 15:00etatik 19:00etara. 15:15ean jokatuko dute kadeteen lasterketa, eta 16:30ean, berriz, junior, 23 urtez azpiko eta elite mailako txirrindulariena. Zelai Luzen hasi eta bukatuko dira probak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide