GKSko kide baten atxiloketa salatzeko, elkarretaratzea egingo dute plazan

Ihintza Elustondo 2022ko mai. 28a, 13:46

Itziarren atxilotu zuten gaztea, ostegun gauean. (Wikipedia)

Ostegun gauean Ipar Euskal Herriko GKSko kide bat atxilotu zuen Ertzaintzak, Itziarren. "Eraso" hori salatzeko eta atxilotuaren "askatasun osoa" exijitzeko, elkarretaratzea egingo du Kontseilu Sozialistak, 19:00etan, plazan.

GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak jakinarazi duenez, ostegun gauean Ipar Euskal Herriko GKSko kide bat atxilotu zuen Ertzaintzak, Itziarren (Deba, Gipuzkoa). "Eraso" hori salatzeko, atxilotuaren "askatasun osoa" exijitzeko, eta hari nahiz haren ingurukoei "babes osoa" adierazteko, mobilizazioa deitu du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak. Hain zuzen ere, gaur –larunbata– egingo dute elkarretaratzea, 19:00etan, Azpeitiko plazan.

GKSren hitzetan, Poliziak atxiloketaren unean jakinarazi zion behin-behinean espetxeratuko dutela, sei hilabeterako gutxienez. Gazte lapurtarra, Martuteneko espetxera sartu dute. Gaur-gaurkoz, ez dute esan zer leporatzen dioten, baina, GKSren arabera, dirudienez duela lau urteko auziren batekin lotuta dago atxiloketa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide