Kolore gorriak hartu du gaurkoan Sanjuandegi auzoa. Ohi bezala, ekaineko lehen asteburuan ospatuko dituzte festak, baina astebete lehenago, gaurko egunez, Umeen Egunaren txanda izan da. Bi urteko etenaren ostean ari dira ospatzen Sanjuandegiko Umeen Eguna, eta horren erakusle izan da gaurkoan elkartu den jendetza. Antolatzaileek azaldu dutenez, normalean 200 umek eman ohi dute izena, baina gaurkoan, 400 haur baino gehiago elkartu dira. Pozik agertu dira antolatzaileak; "aurtengoa ikaragarria izango da", berretsi dute.
Umeen Eguneko parte hartzaileak Jose Antonio Agirre plazan elkartu dira 12:00etan. Jolasak egin dituzte 13:45era arte auzoko hainbat txokotan banatuta, eta 14:00etan, bazkaria izan da. Bazkalostean, 14:30etik 15:00etara, jolasak egin dituzte berriro, eta amaitzean, gurasoekin elkartu dira. 16:00retan, berriz, Iago Magoren ikuskizuna izango da Jose Antonio Agirre plazan.