Elkarretaratzea egin dute, GKSko kide baten atxiloketa salatzeko

Andoni Elduaien 2022ko mai. 28a, 19:30

Herriko plazan egin dute elkarretaratzea.

Ostegun gauean, Ipar Euskal Herriko GKSko kide bat atxilotu zuen Ertzaintzak, Itziarren (Gipuzkoa). "Eraso" hori salatzeko eta atxilotuaren "askatasun osoa" eskatzeko, elkarretaratzea egin du arratsaldean Kontseilu Sozialistak, herriko plazan.

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur, larunbata, herriko plazan. Ostegun gauean Ipar Euskal Herriko GKSko kide bat atxilotu zuen Ertzaintzak, Itziarren (Deba, Gipuzkoa). "Eraso" hori salatzeko, atxilotuaren "askatasun osoa" exijitzeko, eta hari nahiz haren ingurukoei "babes osoa" adierazteko, bildu dira plazan. 

GKSren hitzetan, Poliziak atxiloketaren unean jakinarazi zion behin-behinean espetxeratuko dutela, sei hilabeterako gutxienez. Gazte lapurtarra, Martuteneko espetxean sartu dute. Gaur-gaurkoz, ez dute esan zer leporatzen dioten, baina, GKSren arabera, dirudienez duela lau urteko auziren batekin lotuta dago atxiloketa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide