Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailara igo da Lagun Onaken gizonen bigarren taldea

Ihintza Elustondo 2022ko mai. 28a, 19:47

Lagun Onak 0 eta 2 gailendu da Zumaiakoren aurka gaur jokatu duen igoera fasearen itzulerako partidan. Joan den asteko abantaila poltsikoan, lortu dute ametsa: mailaz igo dira.

Lagun Onak futbol klubeko gizonen bigarren taldeak lortu du duela hiruzpalau erdietsi ez zuen ametsa: Zumaiakoren aurkako igoera fasea irabazita, Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailara igo dira. Zumaian jokatu dute arratsaldean igoera faseko itzulerako partida, eta 0 eta 2 gailendu da Azpeitiko taldea. Joan den astean, 1 eta 0 irabazi zuen Lagun Onakek joaneko partida Azpeitian, eta beraz, bi neurketak irabazita, lortu dute helburua.

Emaitzak begiratuta, badirudi Lagun Onakek aise gailendu duela Zumaiako, baina ez dute lan makala izan Azpeitiko futbolariek gaur Zumaian jokatu duten neurketan. Aurkariak gogor aritu dira erasoan, baina atezainak geldiketa ikusgarriak egin ditu. Gainera, Xuban Peñaren eta Pedro Iriarteren golei esker, markagailua irauli du Lagun Onakek.

Arantza atera dute

Lagun Onaken gizonen bigarren taldea egonda dago lehen ere Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailan, baina aspaldian ez. Duela hiruzpalau urte, igoera fasea jokatu zuen taldeak, baina ezin izan zuen Touringen aurkako kanporaketa irabazi. Beraz, orain lortu dute arantza hori ateratzea. Gaurko egunak badu bereizgarri bat, gainera: Lagun Onak klubaren eguna ospatzen ari da, eta beraz, egun aproposa dute maila igoera ospatzeko.

Datorren asteburuan, Gizonezkoen Gorengo Mailako txapelduna zein izan den erabakitzeko, igoera faseko bi txapeldunek elkarren aurka jokatuko dute.

(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide